Lehendakariak "oinarrizko babes neurriak berriz ere erdigunean jartzeko" deia egin du

2021-07-07

  • Eusko Jaurlaritzak Bizi Berri IV Plana aurkeztu du, urrira arte aurreikusitako pandemiari erantzuteko estrategia

LABIren Aholku Batzordearen bileraren ostean egindako agerraldian, Iñigo Urkullu Lehendakariak Bizi Berri IV Plana aurkeztu du, eta bihar, osteguna, indarrean sartuko den Dekretu berriaren berri eman du. Gainera, "Prebentzio pertsonaleko eta komunitarioko oinarrizko neurriak berriz ere erdigunean jartzeko" deia egin du Urkulluk. Itxaropen eta zuhurtasun une honetan, maskara erabiltzearen, distantzia mantentzearen eta erne egotearen garrantzia azpimarratu du. "Funtsezkoa da ez parte hartzea prebentzio neurririk ez duten pertsonak biltzen dituzten topaketa, jai edo ekitaldietan, ez kanpoan, ez barruan", zehaztu du.

Gaur egungo egoera epidemiologikoa dela eta, non gazteen artean kutsadura-transmisioak intentsitate handia hartzen duen, baina, oraingoz, ospitaleko okupazioa eta ZIU oheen okupazioa areagotzea saihesten ari den, Batzorde Zientifiko-Teknikoaren irizpenak planteatu du Bizi Berri IVko 2. agertokiari dagozkion neurriak aplikatu behar direla.

DEKRETU BERRIA

Testuinguru honetan, LABIren Aholku Batzordeak bihar, uztailak 8, indarrean sartuko den Dekretu berri bat onartu du. Hauek dira testu juridikoaren eduki nagusiak:

  • Aurreko dekretuko neurrien blokeari eustea. Hau da, neurri murriztaileen arintzea gelditu egingo da oraingoz, eta egungo goranzko bilakaera egonkortu eta jaitsi arte.
  • Indarrean dauden neurriez gain,   "botiloi" edo "jaiegun ez diren" jaiak edo pertsonen pilaketa adierazten duten antzeko beste ekitaldi batzuk egitea debekatzen da. Debeku hori aplikatuko da metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia eta aplikatu beharreko gainerako prebentzio-neurriak errespetatzen ez dituzten topaketa horietan, bai barrukoetan, bai kanpokoetan.
  • Horrez gain, egungo joerak jarraituz gero edo ospitale-presioa areagotuz gero, merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduerak ixteko muga-ordutegia aurreratzea eta beste neurri osagarri batzuk hartuko dira kontuan.

Egoeraren ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna direla eta, Dekretuaren egoera eta edukia berriz ebaluatuko dira hamabost eguneko epean.

BIZI BERRI IV PLANA

LABIren bileraren osteko prentsaurrekoan, Lehendakariak Bizi Berri IV plan berriaren berri eman du. Plan horrek "Covid 19 pandemiaren kudeaketarako Neurrien Legearen" aurreikuspenak garatzen ditu, eta uztail honetarako eta urrirako jarduera-esparru bat ezartzen du.

Bizi Berri IV Planaren ekarpenak, aurrekoaren aldean, agertokiak, adierazleak eta jarduera-eremuak dira:

  1. Panelak 5etik 3ra murrizten ditu agertokiak. Legean 1. estadiorako aurreikusitakoekin bat datoz:
    - "Transmisio baxua", 100.000 biztanleko 0 eta 60 arteko intzidentzia-tasarekin;
    - "Transmisio moderatua", 60tik 150era; eta
    - "Transmisio Tentsionatua", 150etik 300era.
  2. Bizi Berri IVk Legean ezarritako adierazle guztiak biltzen ditu.
    Txertaketaren hedadurari eta aldaera berrien eraginari buruzko balorazio espezifiko batekin osatuko dira.
  3. Bizi Berri IVk 22tik 10era murriztu ditu jarduera-eremuak.
    Sinplifikazio hori egin daiteke, intzidentzia txikiko tasekin posible baita neurriak eta irizpideak zeharka aplikatzea.
    Bizi Berri IV Planean aplikatu beharreko neurriak bat datoz Legeak 1. estadioko hiru egoeretarako aurreikusitakoekin.

Laburbilduz, ekainaren 24an onartutako Legeak pandemia egoeran jarduteko arau-esparrua ezartzen du. Bizi Berri IV Planak egoera epidemiologikoaren bilakaera egoera bakoitzean interpretatzeko eta prebentzio-neurriak doitzeko tresna espezifikoak eskaintzen ditu. Gainera, dekretuak izango dira une bakoitzean eraginkorrak izan behar duten xedapen zehatzak islatuko dituen tresna.