Lehendakariak Jose Manuel Barroso COVAX mekanismoaren presidenteari jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak txertaketa global eta solidario baterako ekarpen ekonomikoa egin nahi duela (Gobernu Bilera 2021-3-23)

fotoconsejo.jpg

2021-03-23

  • Txertoa herrialde pobretuen artean banatu behar da, bai eta, beren osasun-sistemen ikuspegitik, ahulenak direnen artean ere
  • Solidaritatea edo gizatasuna nahikoak ez badira, printzipio "berekoiagoetara" jo daiteke: pandemia mundu osoan gainditzen da edo ez da gainditzen
  • Euskadik dagoeneko erakutsi du bere konpromiso solidarioa, baliabideak eskainiz beste Autonomia Erkidego batzuei, bai eta beste herrialde batzuei ere, hala nola Peruri
  • Eusko Jaurlaritza bezalako gobernuek, elkartasunerako, lankidetzarako eta laguntza humanitariorako bokazio egiaztatuarekin, zeregin garrantzitsua izan dezakete

Iñigo Urkullu Lehendakaria Jose Manuel Barrosori zuzendu zaio astelehen honetan, idatziz, Eusko Jaurlaritzak planetan txertaketa global eta solidarioa lortzeko inplikazio aktiboaren borondatea adieraziz eta hala jasota gera dadin. Barroso Europako Batzordeko presidente ohia da, eta, gaur egun, OMEk sustatutako GAVIren Patronatuko Presidentea. Aliantza horrek COVAX mekanismoa sustatu du, COVID-19aren pandemiaren aurkako txertaketa globala eta solidarioa lortzeko ekarpen publiko-pribatua egiten duena.

Lehendakariak, bere idazkian, Barrosori jakinarazi dio duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak lehenik, eta Eusko Legebiltzarrak, gero, babes publikoa eta irmoa eman diotela txertaketa globalari eta solidarioari. Iñigo Urkulluren iritziz, "helburu hori nazioartean partekatu beharko litzateke, alde askotatik eta elkartasun- eta gizatasun-printzipioekiko konpromisoagatik".

Eusko Jaurlaritzaren ustez, planetako biztanle guztiengana iritsi behar du txertoak. Txertoa herrialde pobretuen artean eta, beren osasun-sistemen ikuspegitik, ahulenak direnen artean banatu behar da bereziki.

Lehendakariak azpimarratu duenez, "elkartasun- eta gizatasun-printzipioak nahikoak ez balira txertaketa globalaren garrantziaz konbentzitzeko, printzipio ‘berekoiagoetara’ ere jo liteke. Pandemia mundu osoan gainditzen da edo ez da gainditzen. Segurtasun propioa, ekonomia propioa eta herrialde bakoitzaren osasun publikoa ez dira salbu egongo immunitatea kontinente eta herrialde guztietara iristen ez bada".

Joan den otsailaren 27an, Lehendakariak babestu egin zuen OMEko zuzendariak eta Europako Kontseiluko kideek otsailaren 25ean egindako adierazpena.

Pandemiaren urtebete honetan, Euskadik bere konpromiso solidarioa erakutsi du, beste Autonomia Erkidego batzuei baliabideak eskainiz, baita Peruri ere. Orain, pandemia global baten aurkako borrokan, osasunaren aldeko lankidetza aldeaniztuna indartu nahi da, txertaketa global eta solidario baten bidez.

Eusko Jaurlaritzak bi konpromiso hartu ditu bere gain. Lehenik eta behin, COVAXen nazioarteko ahaleginei laguntzea; eta, bigarrenik, txertoak baliabide gutxien dituzten herrialdeetara iristen laguntzea, zuzenean eta horretarako prestatutako bideetatik.

Urkullu Lehendakariak bere idazkian amaitzeko, Barroso Presidenteari adierazi dio Eusko Jaurlaritzak borondate eta jarrera osoa duela COVAX ordezkatzen duen ahalegin globalari ekarpen ekonomikoa egiteko. "Uste sendoa dugu Estatupeko Gobernuek nazioarteko elkartasunaren, lankidetza deszentralizatuaren eta laguntza humanitarioaren arloan izan dezaketen paper garrantzitsuaren inguruan".

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak eta estatuz kanpoko beste gobernu batzuek txertaketa global eta solidario bat lortzeko egiten duten ekarpena eraginkorra izan dadin bide argi bat jartzeko eskatu dio GAVIren Patronatuko Presidenteari.