Lehendakariak hasiera eman dio XXV. Eskola Hiztun Bila jardunaldiari

2021-10-27

  • 25. ediziora iritsi da aurten Hezkuntza Sailak ikastetxeetako hizkuntza normalizazioaren inguruan antolatzen duen jardunaldia; 1996an hasi zuen bidea
  • Egindakotik ikasten, etorkizuna euskaraz ardazten” izenburu nagusiarekin, ia 600 profesional elkartuko ditu jardunaldiak bi egunez Kursaal Jauregian

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, irekiera eman dio gaur goizez Eskola Hiztun Bila jardunaldiari, Donostian. Hezkuntza Sailak hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan antolatzen duen jardunaldia 25. ediziora iritsi da aurten, “Egindakotik ikasten, etorkizuna euskaraz ardazten” leloarekin. Jardunaldiak ia 600 profesional elkartuko ditu bi egunez (gaur eta bihar) Kursaal jauregian, Hizkuntza Normalizaziorako Aholkulari Teknikoak gehien bat.

Gorago aipaturiko leloa goiburu hartuta, hezkuntza arloan euskararen normalizazioan orain arte egindako ibilbideari errepasoa egiteaz gain, aurrera begira dauden erronkez aritzeko ere balio izango du jardunaldiak, hitzaldi, mahai inguru eta esperientzia-trukaketen bidez. Urtero antolatzen du Hezkuntza Sailak Eskola Hiztun Bila jardunaldia, profesional horien formazioa eta esperientzia-trukaketa helburu hartuta, ikastetxeetan euskararen ezagutza eta erabilera indartzea beti jomugan dela. Hamaika ertz dituen gai zabal horri alderdiren batetik heltzen dio aldi bakoitzean jardunaldiak, horretan sakontzera eta gogoeta egitera bideratuz saioak.

Nazioarteko adituak

Egitarau mamitsua atondu du aurten ere Hezkuntza Sailak Eskola Hiztun Bila jardunaldirako, eta hizkuntzen didaktikan nazioarteko zenbait aditu Kursaal Jauregiko Ganbara aretora ekarri ere bai.

Lehendakariaren hitzen ondoren, aurten jardunaldiak egitarauan duen nazioarteko adituetako baten txanda iritsi da. Torontoko Unibertsitateko (Kanada) Jim Cummins irakasleak hezkuntza eleaniztuna hartu du hizpide “Rethinking the Education of Multilingual Learnes” hitzaldian (Ikasle eleaniztunen hezkuntza birpentsatuz). Gai horren ardatz nagusiak bere ponentzian azaldu ondoren, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearekin izan duen elkarrizketan xehetu ditu ildorik garrantzitsuenak, bertaratutako profesionalen parte-hartze eta inpresioak ere tartekatuz.

Eguneko mahai ingurua, berriz, “Nahia elikatu eta praktiketan eragin, eskolan eta eskolaz kanpo” gaia hartuko dute hizpide, Soziolinguistika Klusterreko Beñat Garaio gidari dela. Esperientziak eta ikuspuntuak partekatzen izango dira Maialen Iñarra (Soziolinguistika Klusterrekoa), Avel·i Flors-Mas (Bartzelonako Unibertsitatetik), Fernando Ramallo (Vigoko Unibertsitateko irakaslea) eta Ainhoa Lasa (Emun aholkularitza enpresakoa). Jardunaldiaren lehen egunari amaiera emateko, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaranek bertsotan batuko dute eguneko saio guztiek eman dutena.

“Hau hasi besterik ez da egin”

Bigarren eguna (urriak 28, osteguna), Eskola Hiztun Bila jardunaldiaren 25 urteko ibilbideari errepasoa ematen dion bideoa proiektatuz hasiko da. “Hau hasi besterik ez da egin” izenburuko bideoak urte luzez Hezkuntza Sailaren Ulibarri Programan eta hizkuntza normalizazioan aritu diren profesionalen testigantzak azalduko ditu pantaila handian. Ondoren, Genevako Unibertsitateko Joaquim Dolz irakasleak hartuko du hitza. Irakasleen prestakuntzan eta hizkuntzen didaktikan katedradunak “Ikasleek euskaraz ondo hitz egiten eskolan ikasi. Zergatik eta nola” izango du bere ponentziaren gai nagusi.

Osteguneko mahai inguruak, berriz, gai ludiko eta jostagarriago batean jarriko du arreta, “Hizkuntza gozagarri eta gozabide” izenburupean. Bi eguneko saioei itxiera emateko, azkenik, Begoña Pedrosa hezkuntza sailburuak hartuko du hitza, amaiera ekitaldian.

Eskola Hiztun Bila jardunaldiko hitzaldi eta mahai inguruak aurrez aurre jarrai daitezke, Kursaal Jauregian bertan, edo streaming bidez ere bai, online.  

Eskola Hiztun Bila

XXV. ediziora iritsi da aurten Hezkuntza Sailaren Eskola Hiztun Bila jardunaldia. Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazioa eta esperientzia trukaketa ditu helburu. 1996-1997 ikasturtean jarri zen abian Ulibarri programa euskal ikastetxeetan. Euskararen normalizazio alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa hau, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dute parte bertan, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko xedez.