Lehendakariak esan du Euskadik munduko erreferentea izan nahi duela enpresa-eredu "humanista eta pertsonen zerbitzura dagoen" batean

2021-06-18

  • Iñigo Urkullu izan da ASLEren Batzar Nagusia ixteko arduraduna. Elkarte horrek Euskadiko lan eta partaidetza sozietateak biltzen ditu

Lehendakariak adierazi du Euskadik munduko erreferentea izan nahi duela "aurpegia eta begiak dituen, humanista den eta pertsonen zerbitzura dagoen enpresa-eredu batean", eta ziurtatu du langileek enpresan parte hartzea dela enpresak eta gizartea eraldatzeko palankarik handiena. Iñigo Urkullu izan da ASLEren Batzar Nagusia ixteko arduraduna. Elkarte horrek Euskadiko lan-sozietateak eta partaidetzakoak biltzen ditu, eta “erantzukizun soziala eta lehiakortasuna bateratzeko” eredu gisa jarri ditu horiek.

Lehendakariak eskerrak eman dizkio ASLEri krisi-garai latz hauetan egindako ibilbideagatik eta esperientziagatik, eta bere eredua partekatzen duela adierazi du: "pertsona erdigunean jartzen duena, hazkunde iraunkorraren eta kalitatezko enpleguaren aldeko apustu sendoa egiten duena". Hala, pandemian osasun-zerbitzu publikoa, hezkuntza presentziala edo gizarte-babeserako laguntzak lehenetsi direla adierazi du, eta gogorarazi du erakunde publiko guztien artean 2.190 milioi euroko inbertsioa egin dela premia handiena duten pertsonei, familiei eta sektoreei laguntzeko.

Etorkizunari dagokionez, itxaropentsu agertu da, eta susperraldia sendotzen duten adierazle positibo batzuk aipatu ditu, hala nola "enpresen konfiantza" eta sozietate berriak areagotzea, eta euskal ekonomiaren "hazkunde sendoa", lehenengo aldiz azken urtean

“Suspertzeari ekin diogu eta positiboki eraldatzeko borondatea partekatzen dugu. Espiritu eta anbizio bat, ASLE ere irudikatzen duena. Eredu bat, enpresa proiektu komun gisa hartzen duen ideian laburbiltzen dena eta enpleguari eusteko eredu arrakastatsua izan dela frogatu dena 80ko hamarkadako birmoldaketaren garai latzetan baita enpleguaren egonkortasunaren eta kalitatearen zerbitzura ere egungo egoeran” -esan du amaitzeko.