Lehendakariak Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bisitatu du, Errenterian

2021-03-03

  • Mila ikasle baino gehiago ari dira Don Bosco LHII-k eskaintzen dituen 16 heziketa-zikloetako bat ikasten, 2020-2021 ikasturtean
  • Era berean, terapia genikoko medikamentuen fabrikazioaren eremuko Lanbide-espezializazioko Programa ere ematen du, Viralgen enpresarekin koordinatuta

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera, Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua bisitatu du gaur goizean, Errenterian. Zentroko zuzendaritza-taldearen eskutik, Lehendakariak eta sailburuak Don Boscoko instalazio nagusiak bisitatu dituzte; 60.000 metro koadro inguru ditu, abangoardiako Lanbide Heziketari eskainiak. Bertatik bertara ezagutu dituzte ikastetxearen heziketa-eskaintza zabalak dituen berezitasunak.

1960an sortua Errenterian “Don Bosco Lan Hiria” izenarekin, Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak erreferentziazkoa izaten jarraitzen du gaur egun Oarsoaldeko milaka gazteren prestakuntzan, eta Gipuzkoako eskualde horretako oraintsuko historia sozioekonomikoaren zati garrantzitsua da oraindik ere. Bertako tailer eta ikasgeletatik, hamarkadetan zehar, haren eragin-eremu osoko gazteen hainbat belaunaldi igaro dira. Bai atzo bai gaur, Don Boscok punta-puntako zentroa izaten jarraitzen du ikasleen prestakuntzan eta trebakuntzan, ekoizpen-egituraren behar aldakorrei erantzun emanez eta haietara egokituz.

16 heziketa-ziklo

2020-2021 ikasturte honetan, Don Bosco LHII-k Lanbide Heziketako 16 heziketa-ziklo eskaintzen ditu, askotariko eremuetakoak, Euskadiko ekonomian oso garrantzitsuak denak ere. Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloak dira, eta honako lanbide-arlo hauetan multzokatzen dira:

  • Garraioa, Mantentze-lana eta Ibilgailuak
  • Elektrizitatea eta Elektronika
  • Instalazioa eta Mantentze-lana
  • Kimika
  • Fabrikazio Mekanikoa
  • Elikagaien Industriak

Mila ikasle baino gehiago ari dira aurtengo ikasturtean heziketa-ziklo horietakoren bat egiten. Horiez gainera, urtero 600 pertsonatik gora igarotzen dira bertako instalazioetatik, dela Enplegurako Prestakuntzaren programaren bitartez (langabezian edo aktibo dauden langileei zuzenduta) dela Eskaintza Partzialaren modalitatean (lana dela eta, Lanbide Heziketako titulua moduluka matrikulatuz osatzen dutenak, hiru urteko ibilbidean).

Lanbide-espezializazioko programa Viralgenekin

2020-2021 ikasturte honetan, Don Bosco LHII "Terapia Genikoko Medikamentuen Industria Fabrikazioa eta Kalitate Kontrola” lanbide-espezializazioko programa ematen hasi da. Aurretik dual modalitatean Kimikako eta Osasuneko lanbide-arloetako Goi Mailako Heziketa Zikloak egin dituzten 11 ikasle orain 800 irakastorduko espezializazio-programa hau jarraitzen ari dira.

Espezializazio-programa horren bidez, kualifikazio oso berezia eskuratzen dute, neurrira eginikoa esan liteke, Donostiako Viralgen Vector Core enpresak eskatzen dituen lanbide-profilak betetzeko; enpresa honek bektore biriko adenoasoziatuen (AVV) ekoizpenean dihardu. Programa hau Donostiako Easo Politeknikoarekin eta Irungo Plaiaundi institutuarekin elkarlanean garatzen da, eta datozen hiru urteetan zehar ere ematen jarraituko dute, enpresa horrek espezializazio-maila altuko goi-mailako teknikarien inguruan dituen beharrei erantzuteko.

Elikagaien industriak

Gainera, 2020-2021 ikasturte honetan, Don Bosco, Elikagaien Industrien lanbide-arloaren barruan, “Prozesu eta kalitatea elikagaien industrian” Goi Mailako Heziketa Zikloa ematen hasi da; hogei ikasle ditu lehen mailan. Gainera, Euskadin ziklo hori ematen duen zentro publiko bakarra da. Lehendakariak eta sailburuak zikloak erabiltzen dituen instalazioetako batzuk bisitatu dituzte, eta elikagaien analisirako laborategia eta haiek prozesatzeko eta prestatzeko zona ezagutu dituzte. Hauetan, heziketa-zikloko modulu praktikoenak garatzen dituzte ikasleek.

Modu berean, Ikaslab laborategia ere ezagutu dute; 3D inprimaketaren inguruan dihardu, eta, dagoeneko, espazio hori oso ohikoa da Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe gehienetan. Ikastetxean ematen diren heziketa-ziklo guztietarako ikasgela independenteak dira. Espazio horrek 3D inprimagailuen ekipamendua du, eta, haien bidez, teknologia horrekin saioak egiteko, esperimentatzeko eta ezagutzeko aukera dute bai zentroko ikasleek bai irakasleek eta inguruneko enpresek, gero proiektuen garapenean erabiltzeko. Gaitasunak eskuratu eta inprimaketa-materialak eta haien aplikazioak ezagutzea dute xede gela hauak, bai eta teknologia horretan fabrikatzeko piezak diseinatzen ikastea ere. 3D inprimaketaren arloan ezagutza garatu eta zabaltzea da helburua; hura zeharkako teknologia da, merkatuko ia sektore guztietan eskaintzen dituen aukerengatik eta aplikazioengatik.

Nazioarteko aitortza bikaintasunari

Don Bosco LHII-k aurkeztu duen ekimen batek nazioarteko aitortza jaso du oraintsu, bere bikaintasunagatik. WFCP federazioak (World Federation of Colleges and Polytechnics – LHko Zentroen eta Zentroen Elkarteen Munduko Federazioa), iazko urtearen amaieran, Brontzezko aintzatespena eman zion Higher Technical Skills kategorian (goi-mailako trebetasun teknikoak) Don Boscoko Elektronika eta Telekomunikazioen Sailak garatutako “Real World Problems Solving in a Solidary TVET” ekimenagatik. Don Bosco LHII-k ezartzen duen lan-metodo hori honako honetan datza: ikasleekin proiektu solidarioak eta gizarte-edukikoak garatzea, teknologia berritzaileak erabiliz (Robotika, Gauzen Interneta, 3D inprimaketa).

Errenteriako zentroan ekimen solidario hau nola garatzen den ezagutu du Lehendakariak, Elektronikako tailerrean eta haren arduradunen eskutik. Lehiaketako epaimahaiak nabarmendu zuenez, mundu-mailan jarraitu beharreko jardunbidea da hau.