Lehendakariak Deustuko Unibertsitateko 2021-2022 ikasturteari hasiera emango dio

2021-09-22

  • Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetarako irakaskuntza presentziala % 100 bermatu nahi du, "helburu hori gero eta hurbilago dugu babes-neurriak betetzen jarraitzen badugu"
  • Lehendakariak unibertsitate-sistemaren eraldaketa bultzatzearen aldeko apustua egin du, nazioartekotzearen erronkari aurre egiteko, "Euskal Unibertsitate Sistemaren arrakasta-gakoetako bat baita"

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratz lagun zuela, Deustuko Unibertsitateko 2020-2021 ikasturtearen hasiera-ekitaldian buru izan da. Joan den ikasturteko memoriaren irakurketarekin hasi da jarduna, eta ondoren izan dira Javier García Zubia katedradunaren inaugurazioko lezioa eta Deustuko Unibertsitateko errektorearen jarduna eta Lehendakariarena.

Pandemiak baldintzatutako hirugarren ikasturtearen hasierarekin, Lehendakariak zuhurtasunerako eta babes-neurriak betetzeko konpromiso partikular eta kolektiborako deia egin du, birusak gure artean jarraitzen baitu. "Esperientzia, baliabideak eta txertoa ditugu ikasturte berria hasteko; baina zuhurrak izan behar dugu", adierazi du. Bere hitzaldian, Deustuko Unibertsitatearen lana goraipatu nahi izan du, aurreko ikasturteko emaitza bikainagatik. "Hezkuntza presentzialaren erronka gainditzea lortu duzue, eta ikasturte hau aurrez aurreko irakaskuntzari eusteko ilusioarekin ekin diozue. Gure helburua da ikasturte honetarako irakaskuntza presentziala % 100 bermatzea. Babes neurriak betetzen jarraitzen badugu, gero eta gertuago dugun helburua da", gaineratu du.

Ikasturte-hasiera honetan, pandemiaren osteko ikuspegi batekin, Urkullu lehendakariak nazioartekotzearen aldeko apustua azpimarratu du, Euskal Unibertsitate Sistemaren arrakasta-gakoetako bat den aldetik. "Bikaintasunerako bidean, gure unibertsitateek ezagutzaren hainbat arlotan puntakoak diren nazioarteko sareekin lankidetzan jardun behar dute", gaineratu du. Ildo horretan, adierazi du Eusko Jaurlaritzaren helburua unibertsitate-sistemaren eraldaketa bultzatzea dela, unibertsitateak nazioartekotzeko erronkari aurre egiteko eta kultura anitzeko pentsamoldeak euskal hezkuntza-ereduan txertatzeko.

Euroeskualdearen errealitateari erantzuteko eta euskal unibertsitate-sistemaren nazioarteko erakargarritasuna indartzeko, Lehendakariak hiru helburu partekatu ditu unibertsitate-eredu nazioartekotu baterako trantsizio-prozesuari begira: sistema eraldatzea, lankidetzan arreta jarrita; Talentu eraldatzailearen prestakuntza; eta munduari irekitako eskaintza, Euskadin finkatua eta bikaintasunekoa.

Nazioartekotzearen esparruan, Deustuko Unibertsitateak nabarmen egin du aurrera: azken hamarkadan, Deustuko mugikortasun-programetan % 67 hazi dira nazioarteko ikasleak; UNIC Europako Unibertsitatearen partzuergoan sartu dira; Deusto International Talks, Deusto Summer School edo Campus International Virtual dira adibideetako batzuk.

Donostiako Kanpusean egin da ekitaldia, eta bertan izan dira Legebiltzarreko Presidente Bakartxo Tejeria, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidente Xabier Ezeizabarrena eta Donostiako Alkate Eneko Goia. UPV/EHUko Errektorea, Mondragon Unibertsitateko Errektorea eta TECNUMeko Zuzendaria ere gerturatu dira.

Deustuko Unibertsitateko eskaintza akademikoa

Deustuko Unibertsitateak 2021-2022 ikasturtean 37 gradu eta 13 gradu bikoitz eskainiko ditu, baita 42 master ofizial eta 8 doktorego programa ere. Guztira 10.274 ikaslek ikasiko dute beren geletan (8.925 ikaslek graduko ikasketetan). Guztien artean, 3.158 ikasle berri dira unibertsitatean (2.301 graduetan).