Lehendakaria buru izango da ETAren biktimen omenez eta bizikidetzan etorkizuna eraikitzearen alde urriaren 20an Bilbon egingo den ekitaldian

2021-10-15

  • Eusko Jaurlaritzak ekitaldiak antolatu ditu Euskadiko hiru hiriburuetan, ETAren amaieraren hamargarren urteurrena dela eta, hiri bakoitzeko udalekin lankidetzan
  • Ekitaldiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira Gogora Institutuaren webgunean, eta EITBk ‘10 urte ETA gabe. Elkarbizitza eraikiz’ solasaldiak zabaltzen lagunduko du

Vitoria-Gasteiz, 2021/10/15

Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da buru Biktimak gogoan. Bizikidetza eraikiz ETAren 853 biktimen omenez, datorren urriaren 20an Bilbon, egingo den ekitaldian. ETAk indarkeria utzi zueneko hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldi-programaren ekitaldi nagusia da, eta Gogora Memoriaren Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak antolatzen dute.

Biktimak gogoan. Bizikidetza eraikiz ekitaldiaren ardatza ETAk hildako 853 pertsonak gogoratzea, eta bake, bizikidetza eta askatasun terminoetan etorkizunarekin konpromisoa hartzea izango da. Ekitaldia Gogora Institutuaren Bilboko egoitzan izango da, 18: 30ean, eta streaming bidez emango da. Ekitaldi honetarako ezinbestekoa da bertaratzeko baieztapena izatea.

Hilaren 20an bertan, goizeko 9:30ean, Lehendakariak Gazteak, bizikidetza, etorkizuna izena daraman topaketan parte hartuko du, hiru euskal unibertsitateetako berrogeita hamar bat ikaslerekin, Bilboko Azkuna Zentroan. Ikasle horiek terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak entzuteko Adi-Adian moduluan edo beste hezkuntza-esperientzia batzuetan parte hartu dute.

Solasaldia 10 urte ETA gabe. Elkarbizita eraikiz

Urriaren 18an eta 19an, Gasteizen eta Donostian solasaldi-solasaldi bana izango da, 10 urte ETA gabe. Elkarbizita eraikiz izenburupean, urte horietan egindako aurrerapenak eta bizikidetza sendotzeko egiteke dauden erronkak aztertuko dira.

Lehenengo solasaldia datorren astelehenean, urriaren 18an, 18:30ean, izango da Gasteizko Goiuri jauregian. Solaskideak, hauexek: Maria Jauregi eta Marta Buesa, ETAk hildako biktimen senideak; Joseba Ezeolaza, Gogoan Memoria Digna elkarteko kidea; Paul Ríos, Lokarriko koordinatzaile ohia; Joseba Urrusolo, ETAko kide ohia eta Icíar Bollaín, Maixabel pelikularen zuzendaria.

Hurrengo egunean, hilaren 19an, ordu berean, Donostiako Udaletxeko osoko bilkura aretoan izango da solasaldia. Parte-hartzailea hauexek: Josu Elespe eta Edurne Albizu, ETAk hildako biktimen senideak; Mikel Basabe Aralarreko legebiltzarkide ohia; Pello Salaburu, Memoria Digna Gogoan-eko kidea; Carmen Gisasola, ETAko kide ohia eta Aitor Gabilondo, Patria telesailaren zuzendaria.

Dani Álvarez kazetariak mintzaldiak aurkeztu eta gidatuko ditu. Solasaldiak jendearentzat zabalik daude lekua bete arte, baina aldez aurretik erreserba egitea eskatzen da, helbide honetara idatzita: gogora.memoriahistorikoa@euskadi.eus.

Bi mahai-inguruak streaming bidez jarraitu ahal izango dira, EITBren eta Gogoraren webgunearen bidez, eta, horrez gain, Radio Euskadiko Ganbara saioak solasaldiak eskainiko ditu, astelehenean eta asteartean, 21:00etatik aurrera.

Ekitaldi-programa honek EAEko hiru hiriburuetako udalen laguntza du.