Laneko segurtasunean eta osasunean eragiten duten genero-faktore nagusiei buruzko ikerketa argitaratu du Osalanek

Gizartean, enpresetan eta pertsonengan beraiengan badira faktoreak emakumeen eta gizonen lan-osasunean desberdintasunak sortzen dituztenak.


Osalanek "Laneko arriskuen aurrean diren jarreretan eta portaeretan eta horien ondoriozko kalteetan eragiten duten genero-faktore nagusiak" ikerketa argitaratu du. Ikerketa hori Ikei Research and Consultancy enpresak egin du 2020. urtean zehar. Metodologia kualitatiboa erabili dute: dokumentu-iturriak berrikusi, elkarrizketa sakonak adituei, elkarrizketa autoadministratuak enpresei eta eztabaida-taldeak prebentzio-ordezkariekin eta langileekin.

Azterlanaren helburua, hasiera batean, laneko arriskuen aurrean diren jarreretan eta portaeretan eta horien ondoriozko kalteetan eragiten duten faktoreak aztertzea zen, baina interesgarritzat jo da irismena zabaltzea, laneko segurtasuna eta osasuna osatzen duten beste elementu batzuk barne hartzeko. Horrela, azterlanaren emaitzek mapa deskriptibo batean ordenatu dituzte oro har laneko segurtasunean eta osasunean duten eraginagatik adierazi diren genero-faktoreetako asko.

Lan-osasunean emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunak elkarri lotutako faktore askoren ondorio dira, eta hiru eremutan daude: makroa – gizartea –; meso – empresa – eta, mikro – pertsonak –. Ikerketari esker, faktore horiek identifikatu eta ordenatu ahal izan dira eremu bakoitzean. Faktore batzuk literatura espezializatuak, adituek eta laneko arriskuen prebentzioko profesionalen eta langileen pertzepzioak adierazten dituzte, baina beste faktore batzuk aztertutako iturriren batek baino ez ditu aipatzen. Hala, behin eta berriz eta aho batez aipatzen dira sexuaren araberako lan-banaketa, laneko segregazio horizontala eta bertikala, laneko segurtasunari eta osasunari lotutako genero-gaietako prestakuntza falta eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun biologiko batzuk, aztertutako bide guztien bitartez.

Hala ere, zainketa-sistemaren eskasia, androzentrismoa eta genero-estereotipoen eragina gehiago identifikatzen dituzte adituek; aldiz, prebentzio-ordezkariek gehien aipatzen dituzten elementuak honako hauek dira: lan-baldintzen desberdintasuna, laneko arriskuen prebentzioan genero-gaiei ematen zaien arreta eskasa, enpresetan kontziliazio erantzukiderik ez egotea.

Mapa deskribatzaileak aipatutako faktore guztiak biltzen ditu, eta lortutako emaitzetan sakontzen jarraitzeko eta laneko segurtasunean eta osasunean genero-ikuspegia txertatzeko jarduera berriak garatzeko abiapuntu gisa balio du.

Azterlan hori otsailaren 25ean antolatutako jardunaldian aurkeztu zuen Emakundek, Osalanen eta Lan Ikuskaritzaren laguntzarekin, "Genero-ikuspegidun lan-osasuneko eta lan-baldintzetan aurrerapenak" jardunaldian. Jardunaldi hartan, ikerketa aurkezteaz gain, Victoria Alvarez Cidek, OSALANeko genero taldeko arduradunak, 2020ra egindako jarduera nagusiak aurkeztu zituen.