Laneko sailburuordeak gogorarazi du emakumeen lan-berdintasunak eragina duela haien osasunean ere

emakunde1.JPG

2021-02-25

  •  Enplegu eta Lan Sailak emakumeentzako arrisku-faktoreak mugatzen dituzten zeharkako ekintzen alde egiten du

Eusko Jaurlaritzako Laneko sailburuorde Elena Pérez Barredok gogorarazi du emakumeen eta gizonen lan-baldintzetan dauden desberdintasunak ezabatzeak "osasunerako arrisku-faktore bat desagerraraztea dakarrela, eta, beraz, enpresa osasungarriak eraikitzeko urrats bat dela".

"Aurrerapenak lan-osasunean eta lan-baldintzak genero-ikuspegiarekin" jardunaldian izan duen hitzaldian, Pérez Barredok aurkeztu du Idoia Mendia lehendakariordeak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailak berdintasunaren arloan egiten duen zeharkako ekintza. Ekintza hori OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari Lourdes Iscarrek prebentzioaren arloan eta Icíar González buru duen Lan Ikuskaritzako Zuzendariordetzak genero-ikuspegidun zaintzaren arloan aurreratutako ekimenetan islatzen da.

Jardunaldian Osalanek enkargatutako txostena aurkeztu da: "Laneko arriskuen aurreko jarrera eta portaeretan eta arrisku horiek eragindako kalteetan eragiten duten genero-faktore nagusiei buruzko azterlana". Lan horren arabera, enpresetan berdintasun-planak egotea da laneko segurtasunean eta osasunean eragiten duten genero-faktoreetako bat.

"Berdintasunaren alorrean kontzientziazio handiagoa duten enpresek laneko arriskuen prebentzioan genero-ikuspegia txertatzeko joera handiagoa dute", azpimarratu du Osalaneko zuzendariak.

Hori dela eta, sailburuordeak defendatu du berdintasun-planek, 100 langiletik gorako enpresetan datorren hilabetetik aurrera nahitaezkoak izango direnak, emakumeen eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoari ekitean: "Langileen artean dauden desberdintasunak eta baldintzak identifikatzen dituzte, eta horrek aukera ematen du langile bakoitzari hobeto egokitzen zaizkion estrategiak garatzeko, eta, horrenbestez, osasunaren babes-maila handiagoa lortzeko". "Berdintasuna ez da soilik eskubideen eta justiziaren kontua, osasun-arrazoi bat ere bada", esan du Pérez Barredok.