Landaola Federazioak bere sariak banatu ditu Gipuzkoako landa-garapeneko proiektu nabarmenenak aitortzeko

2021-03-05

Landaolak, Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak, lurraldeko landa-garapeneko proiektu eta eragile nabarmenenei ematen dizkien sarien 4. edizioa ospatu du.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, sarien banaketan parte hartu du, haien garrantzia nabarmenduz, gure herrietan egiten diren ekimenak gizarteari zabaltzen dizkiotelako. "Garrantzitsua da hiri-inguruneko pertsonek jakitea landa-eremuak bizirik daudela eta etorkizun oparo dutela, landa-inguruneko eragile guztien artean garatuko duguna"- gaineratu du Orozek.

Hauek izan dire aurtengo saridunak:

- Erakunde pribatuen arloan: Enkarguk, Bertan Merkatari Elkartea

Elikadura arloko saltoki eta azokako hainbat ekoizleri salmenta bide berriak garatzen laguntzeko ekimena, bertako produktuen kontsumoa eta herriko saltokietan egiten diren gertuko erosketak indartzeko helburuarekin. Bezeroak Whatsappez bidali behar du enkarguen zerrenda, eta etxean, kontsignan edo saltokian jasotzeko aukera eskaintzen dio Enkarguk zerbitzuak.

- Erakunde pribatuen arloan: Lurbizi proiektua, Oiartzungo Udala

Nekazari profesionalei zuzendutako lur egokiak bilatu baratza sortzeko, frutagintzarako edota ganadutegirako, eta etorkizunera begira ekoizpen ekologikoa bultzatu, nekazarien eta abeltzainen poltsa osatuz, tokiko elikagaien burujabetza maila berreskuratzen hasteko asmoz.

- Emakumeak Landa Eremuan: Baztarrika baserriaren emakumeak

Gabiriako Baztarrika baserrian emakumeen eskutik eman da etxeko erreleboa eta nekazal jardueraren jarraipena. Gainera, bisitak eskaintzeari esker, baserri mundua hurbildu diete ehunka gaztetxori eta genero ikuspegia jorratu dute.

- Urteetako ibilbideari saria: Joxe Landa

60. hamarkadan Joxe Landak Europako iparraldetik lan egiteko modua ekarri eta Andutz Ondo ganadu kooperatiba sortu zuen beste hiru baserritarrekin batera. Hurrengo urteetan INEKO Itziarko Nekazari Kooperatibaren hazia izango zen pentsu lantegia eta nekazaritza produktuen banaketa jarri zuten martxan, eta zuzendari ardura ere izan zuen. Era berean, Gurelesa, EHNE eta Lurgintza erakundeen sorreran ere jardun zuen 70. hamarkadan. Kooperatibagintza munduan eta nekazaritzari lotutako industrian euskara tresna gisa normalizatzen aitzindaria izan da Joxe Landa.

Landaola, Gipuzkoako landa eremuaren garapenaren alde lan egiten duen elkartea da. Irabazi asmorik gabeko erakunde hau, Gipuzkoako sei Landa Garapen Elkartek osatzen dute: Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome.