Lanbidek 73,9 milioi euroko laguntzak adostu ditu, ABEE deialdi berria barne

2021-04-21

  • Aipatzekoa da, batetik, Enplegu Zentro Bereziek 55,1 milioi jasoko dituztela; eta, bestetik, 4 milioi bideratuko direla  euskal enpresetan gazte langabeak kontratatzeko

Gaur, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 73,9 milioi euroko laguntza-programarako  deialdia onartu egin  du. Horrek xede bikoitza du: bata, gazteen eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna; eta, bestea, Jaurlaritzaren eta gizarte-eragileen artean hartutako konpromisoei erantzutea (aipatu konpromisoak pandemiaren eraginpean dauden langileak babesteko hartu ziren).

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua buru duen ezohiko bileran, Kontseiluak erabaki du 3,5 milioiko aurrekontua ematea COVID-19tik eratorritako aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eraginpeko langileentzako aparteko laguntzen hirugarren deialdia finantzatzeko, Elkarrizketa Sozialeko Mahaiak urtarrilaren 27an adostutako baldintzetan. Zenbateko hori aurreko bi deialdietan egiaztatu den benetako eskariari egokitu zaio, eta 2021eko otsailaren 1etik maiatzaren 31ra bitartean LBEO egoeran dauden eta urteko 20.000 eurotik beherako kotizazio-oinarria duten pertsona guztiei osatuko zaie.

Diru-sarrera txikiko langile horien babesarekin batera, Lanbideren Kontseiluak argi berdea eman die gazteen enplegagarritasunera bideratutako bi programa espezifikori. Lehen Aukera Programa da, 4 milioi eurokoa, praktiketako 560 kontratu eta euskal enpresetako gazteen 60 kontratu mugagabe finantzatzeko, eta beste milioi bat eurokoa errelebo-kontratuak finantzatzeko.

Horiei Hezibi programa gehitu behar zaie (2,3 milioi eurokoa). Hezibibi  lanbide-heziketako ikasleei eta gazte langabeei zuzenduta dago, ikas-ekinezko prestakuntzaren bidez lanbide-gaitasunak hobetzeko. Halaber, langabeen prestakuntzak badu beste bide bat, hots, kontratazio-konpromisoa. Eta horretarako 3 milioi euro bideratuko dira.

Zailtasun bereziak dituzten kolektiboak

Hartutako erabakien artean, nabarmentzekoa da indartu egingo direla zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enplegagarritasunerako partidak . Hala, Enplegu Zentro Bereziek 55,1 milioi euro izango dituzte (alegia, aurreko ekitaldian baino 7,5 gehiago). Gainera, Enplegu lagunduaren programak sustatu egingo du desgaitasun-maila desberdinak dituzten langabeak lan-merkatu arruntean kontratatzea ( milioi bat euro).

Onartutako beste programetako bat lau milioi euroko laguntzen deialdia da, gizarteratzeko eta laneratzeko proiektu bereziak garatzeko. Proiektu horietan, enplegurako prestakuntza- eta orientazio-esku-hartze mota desberdinak sartzen dira, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboentzat (hala nola: DSBEa jasotzen dutenak, emakumeak, 45 urtetik gorakoak,  edo gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan daudenak).