Lan eta Enplegu Sailak 'Balio bereko lana' gida zabaldu du, soldata-arrakalaren aurka borrokatzeko

2021-02-22

 

  • Lehendakariordeak diskriminazioaren aurkako beste urrats bat dela nabarmendu du, "Euskadi hobea nahi badugulako, berdinagoa izan behar da"

Duela hamar urtetik hona otsailaren 22an ospatzen den Soldata Berdintasunaren Europako Egunarekin bat eginez, Lan eta Enplegu Sailak 'Balio bereko lana' gida berrargitaratu du, enpleguak genero-joerarik gabe identifikatzen dituen argitalpena. Gida hori aitzindaria da herrialde osoan, eta dagoeneko bidali zaie eragile sozial eta ekonomikoei, Eusko Legebiltzarreko taldeei, Lan Ministerioari eta gainerako gobernu autonomikoei.

Edizio berriaren hitzaurrean, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak gogorarazi duenez, “gizarte batek bere burua ispilu aurrean begiratu eta lotuta eta berdinduta ikusi nahi badu, urratsak ematen segitu behar duela diskriminazio-eremu guztiak mugatzeko; izan ere, diskriminazio horrek bakarrik dakar emakumeek balio, soldata eta segurtasun gutxiagoko enpleguak izatea”. "Euskadi hobea nahi badugu, Euskadi berdinagoa izan behar da", gaineratu du sare sozialetan zabaldutako bideo batean.

Bide horretan, 'Balio bereko lana' gida praktiko bat da, eta balio bereko lanpostuak identifikatzeko aukera ematen die enpresei, betetzen duenaren generoa kontuan hartu gabe. Berrargitalpena Lan eta Enplegu Sailak gizon eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna lortzeko eta soldata-arrakala murrizteko abian jarritako neurrietan kokatzen da. Horien artean nabarmentzekoak dira ekintzailetzari laguntzeko eta enpresetako zuzendaritza-organoetan emakumeak bultzatzeko ekimenak, esparru maskulinizatuetan emakumeak prestatzea eta kontratatzea, eta urtearen amaieran soldata-arrakalari buruzko kongresu bat antolatzea.

Lan eta Enplegu Sailak azpimarratu nahi du langile guztiek jarrera proaktiboa izan behar dutela soldata-arrakala hori salatzeko. Izan ere, desberdintasunaren ondorio nagusietako bat da; horregatik, balio bereko lan batengatik ordainsari bera lortzea oinarrizko eskubide eta printzipio gisa eratzen da. Horregatik, eta haren erabilera zabaltzeko, gida aitzindari hau bidali zaie eragile ekonomiko eta sozialei, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeei, Lan Ministerioari eta gainerako gobernu autonomikoei. Sailaren webgunean ( https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/liburua/balio-bereko-lana/) ere eskuragarri dago herritar guztientzat.

Idoia Mendiak adierazi duenez, "Ospatzeko eguna ez ezik, jarduteko eguna da, berdintasunaren bidean lanean jarraitzeko eguna". Ildo horretan, Lehendakariordeak azpimarratu du "arlo askotan" pairatzen dugula "desberdintasuna, eta pandemia ezin dela aitzakia izan berdintasunaren bidean lanean ez jarraitzeko".