Lan eta Enplegu Sailak 100.000 euro bideratuko ditu aurten emakumeen ekintzailetza sustatzeko

2021-05-07

  • Emakumeen talentua enpresetako eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan ere sartu nahi da
  • Ekimen hau berriki onartutako 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren barruan dago

Emakumeen ekintzailetza eta enpresetako eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan emakumeen talentua sartzea sustatzen duten erakundeek 100.000 euro jasoko dituzte aurten diru-laguntzetan, Lan eta Enplegu Sailaren bidez. Agindu ekonomikoa datozen asteetan aurkeztuko zaio Gobernu Kontseiluari.

Ekimen hori da Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailak txertatutako berrikuntzetako bat, lan-arloan gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko aurtengo aurrekontuetan. Duela gutxi onartutako 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiak ezarritako ildoetan kokatzen da, eta, gainera, kristalezko sabai hori apurtzeko eta emakumeek erantzukizunezko lanak eta hobeto ordaindutako lanak egin ahal izateko aurreikusitako ekintza ugariekin bat egiten du.

Horretarako, Lanbidek eremu maskulinizatuetan emakumeak prestatzeko eta kontratatzeko programa bat lantzen du; Sailak "Balio bereko lana" liburua berrargitaratu du, gida praktiko aitzindari bat, enpleguak genero-joerarik gabe identifikatzeko; Osalanek lan-osasunari buruzko jardunaldi bat egin du genero-ikuspegitik; eta, urtean zehar, azterlan bat argitaratuko da gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren tratamenduari buruz Euskadin indarrean dauden hitzarmen kolektiboetan. Azterlan hori, hain zuzen ere, martxotik aurrera hedatuko da.

Diru-laguntza horiek eskuratu ahal izango dituzte egoitza soziala, jarduerak garatzea eta nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzea duten erakundeek, baldin eta horien helburuen artean badago emakumeen ekintzailetza sustatzea eta talentu femeninoa sartzea enpresetako eta erakundeetako zuzendaritza-organoetan. Ekimen honek 100.000 euroko aurrekontu-zuzkidura du, eta Enplegu eta Gizarteratze Zuzendaritzaren bidez banatuko dira.