LABIko Aholku Batzordeak bosgarren olatua gainditzeko "erabakigarriak" izango diren hurrengo asteetan "tentsio soziala" mantentzea eskatu du

2021-08-30

  • Dekretu berria irailaren 1ean, asteazkena, sartuko da indarrean, 00: 00etan, eta edukiera-muga berriak aurreikusten ditu hainbat jardueratarako; mahai edo mahai-talde bakoitzeko zortzi mahaikideren muga ezartzen du, eta 01: 00etarako ixteko mugako ordutegiari eusten dio.

Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Bizi Berri IV Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, prebentzio-neurriak eguneratzeko dekretu berria onartzea erabaki du.


Ondoren, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prentsaurrekoa eman dute. Azken horrek datorren ikasturterako prebentzio-neurriei buruzko xehetasunak eman ditu (BESTE JAKINARAZPEN BATZUETARA BIDALI DA)
Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak azaldu duenez, pandemiaren jarraipen-adierazle nagusietan joera-aldaketa ikusi arren, beherazko fase hori ez da hain agerikoa asistentzia-presioari dagokionez (buletinerako esteka).Txertaketa-kanpainari dagokionez, sailburuak ziurtatu du behar bezala garatzen ari dela: “dosiak iristeko erritmo horretan, xede-biztanle guztiei gutxienez dosi bat jarriko zaie hilabete pasatxoan ".


Hala ere, testuinguruak zalantzazkoa izaten jarraitzen du, eta "segurtasun faltsuak edo krisia gainditua dagoela uste izateak ahuldu egiten gaitu", adierazi du Sagarduik.
Gogoeten esparru horretan, eta COVID-19 pandemia Kudeatzeko Neurriei buruzko Legearen 7.4 artikuluak definitzen dituen adierazle epidemiologikoen azterketa eta haztapenaren arabera, egungo testuinguruan aplikatu beharreko neurriak bat datoz Bizi Berri Planaren 2. alerta-mailan eta legean bertan aurreikusitakoekin.

NEURRIAK


Hala, dekretua irailaren 1ean, asteazkenean, jarriko da indarrean, 00: 00etan, eta honako aldaketa hauek izango ditu:

- Jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 60koa izango da lokal eta instalazio guztientzat, muga espezifiko bat aplikatzen den kasuetan izan ezik.

 - Oro har, ezartzen da edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango direla barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan.

  • 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeetan 800 pertsonako maximoa izango da, eta kanpoan 1.200 pertsonakoa.
  • 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da ehuneko 30 baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak betez.

Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, edukieraren ehuneko 50 ezartzen da barrukoetan. Zerbitzua, barnealdeetan zein terrazetan, gehienez zortzi lagunekoa izan daiteke mahai bakoitzeko edo mahai talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik.

- Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan. Arau horiek berak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.

 - Indarrean jarraituko du merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak goizeko ordu batetan ixteko muga-ordutegiak, bata III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen itxierak ere.

 - Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren abuztuaren 3ko autoaren arabera, zuzendu egiten da hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan maskarak erabiltzeari buruzko atala. Hau da, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxieneko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa denean.

ASTE ERABAKIGARRIAK


Azkenik, Osasuneko sailburuak prebentzioaren arloan tentsio soziala mantentzeko beharra azpimarratu du: maskara, distantzia, pilaketak saihestea, barneko espazioak aireztatzea eta txertaketa.


"Aste erabakigarrietan sartu gara bosgarren olatu hau menderatzeko eta seigarren olatu bat saihesteko". "Zenbat eta lehenago hartu txertoa ahalik eta pertsona gehienek, orduan eta babes indibidual eta kolektibo handiagoa izango dugu, eta eguneroko bizitza solidarioagoa eta murrizpen gutxiagokoa berreskuratzera hurbilduko gara", gaineratu du.