EKP izango da 2021eko Kontxako Banderaren babesle nagusia, publikoarekin egingo da baina edukiera mugatua izango du

20210827-EKP-LA_KONTXA-112.jpg

2021-08-27

  • Ohikoaren % 20a izango da edukiera, eta sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira. Lehiaketa irailaren 1, 2, 5 eta 12an izango da
  • Euskadiko Kirol Portuak (EKP) izango da emakumezkoen eta gizonezkoen banderen babesle nagusia, 25.000 euroko sariekin, kategoria bakoitzean. Edurne Egaña zuzendariak parte hartu du bandera aurkezteko ekitaldian

Donostiako Estropadak 2021ean berriz ere COVID-19ak sortutako osasun egoerak markatuta egongo dira, baina aurten ikusleen parte bat berreskuratuko dute, pandemiaren aurretik zeukaten % 20 inguruko edukiera mugatuarekin bada ere.

Guztira, 44 ontzi lehiatuko dira gizonezkoen eta emakumezkoen modalitateetako bi txandetan, plaza bat eskuratzeko, iazko baldintza berberetan egingo den estropadan, bete beharreko osasun neurriak betetzen direla bermatzeko.

Edukiera mugatua eta sarrerak

Nekane Arzallus alkateordeak gaur goizean egindako aurkezpenean adierazi duenez, "edukiera berreskuratu ahal izatea oso berri ona da hiriarentzat, baina gogoratu behar dugu egoera delikatua dela oraindik, eta arduraz jokatu behar dugula, pilaketak saihestuz". Izan ere, kostako ohiko puntuetara sartu ahal izateko, aldez aurretik sarrera erosi beharko da, estropaden egunetan ez baita txarteldegirik egongo, ezta sarrerak erosteko aukerarik ere.

Arzallusek adierazi duenez, "sarrerarik ez duten pertsonei eskertuko genieke gure hirira ez etortzea asmo horrekin, ezin izango baitute estropadak ikusten diren puntuetara sartu. Pixkanaka normaltasuna berreskuratzea espero dugu, baina aurten ere norbere etxea izango da Kontxako Bandera jarraitzeko lekurik onena".

Sarrera aldez aurretik erosten duten pertsonentzat, 9 ikus-eremu ezarri dira estropada eremuaren inguruan. Gune horiez gainera, Pasealeku Berriko tribuna ere egongo da, edizio guztietan bezala.

Eremu horiek perimetratuak dira, erraz iristeko modukoak eta antolakuntza mailan erraz kontrolatzeko modukoak. Edukiera txikiak ezarri dira, eta, horietan, maskara nahitaez jarrita eduki beharko da ekitaldiak irauten duen bitartean, eta ezingo da ez edan, ez jan, ezta erre ere.

Tribunarako sarrerak online (donostiakultura.eus/sarrerak) eta Victoria Eugenia antzokiko lehiatilan erosi ahal izango dira 8 eurotan abuztuaren 27tik aurrera. Sarrera orokorrek, berriz, 2 euroko prezio bakarra izango dute, eta Victoria Eugenia antzokiko leihatilan salduko dira, abuztuaren 30etik aurrera, astelehenetik larunbatera, 11:30-13:30 / 17:00-20:00 ordutegian.

1.210 sarrera jarriko dira salgai eta pertsona bakoitzak gehienez 6 eskuratu ahal izango ditu. Sarreren salmenta estropaden igande bakoitzaren aurreko larunbatean amaituko da, 20:00etan, edo aurreikusitako edukiera osatzen den unean.

Beste urte batez, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) izango da kirol probaren babesle nagusia, eta Edurne Egaña zuzendariak parte hartu du aurkezpen ekitaldian. “EKPen euskal portuetako jarduera anitzak sustatzeko lan egiten dugu, eta Kontxako Bandera euskal kostaldeko itsas kirol proba garrantzitsuenetarikoa da”. Egañaren esanetan, "EKAPen aitzindari izan gara emakumeen kirola lehen mailara eramaten, berdintasunean aurrera egiten, eta lehen mailako kirol-ikuskizuna ahalbidetzen"

Kontxako Bandera 2021

Kontxako Banderaren edizio honetako sailkatze estropadan, 20 tripulazio izango dira emakumezkoen modalitatean –orain arteko kopururik altuena–, eta 24 gizonezkoen modalitatean. Bi modalitateetan sailkatutakoei Donostiarra elkarteko emakumezkoen eta gizonezkoen traineruak gehituko zaizkie igandeetako saioetan, araudiak dioen bezala.

Iaz egin zen bezala, eta lehiaketaren segurtasuna bermatzeko, proba guztiak ordubete aurreratu dira, eta sailkatze estropadak bi egunetan banatu dira. Horrela, emakumezkoen sailkapen estropada irailaren 1ean, asteazkenean, izango da, 17:30ean, eta gizonezkoena irailaren 2an, ordu berean. Irailaren 5eko eta 12ko jardunaldiak, bestalde, 10:00etan hasiko dira emakumezkoen modalitatean eta 11:00etan gizonezkoenean.

Berrikuntza gisa, edizio honetan, hainbat ediziotan gizonezkoen estropadaren ziabogarako gida izan diren beira-zuntzezko baltsen ordez buia esferiko handi batzuk jarriko dira, eta buia horietako bakoitzak uretan traineruei erreferentzia egiten dien banderaren kolorea izango du.

Sariak

Sarien zenbateko ekonomikoa iazkoaren berdina izango da: 85.425 euro modalitate bakoitzerako. Lehen postuan sailkatutako tripulazioei 25.000 euroko saria eta Bandera entzutetsua emango zaie. Horrez gain, Adegik 5.000 euroko sari berezia eta trofeoa eskainiko dizkio emaitzarik onena lortzen duen traineru gipuzkoarrari. Bestalde, EKPk, bi estropaden babesle nagusiak, trofeo bana emango die bi modalitateetako tripulazio irabazleei.