Kontsumobidek eta EUDELek hitzarmen bat sinatu dute ETEetan eta ekintzaileetan kontsumoaren arloko prestakuntza hobetzeko

2021-05-31

  • Udalek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jardungo dute tokiko merkataritza eta beste zerbitzu-enpresa batzuk kontsumitzaileen eskubideen arloan sentsibilizatzeko 

 

2021ko maiatzaren 31. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak gaur aurkeztu dute Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuak eta Euskadiko Udalen Elkarteak izenpetutako lankidetza-hitzarmena, enpresa txikietan eta pertsona ekintzaileetan kontsumoaren arloko jardunbide egokiak sustatzeko.

Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren adibide gisa, Erandio izan da akordio berri hau aurkezteko aukeratu den agertokia, eta Aitziber Oliban bertako alkateak ere parte hartu du, beraz, herriko Gaztetxokoan gaur goizean egin den ekitaldian.

Bi erakundeek izenpetu duten hitzarmenaren helburua da enpresetan kontsumoaren arloan jardunbide egokiak sustatzea, eta, horretarako, Kontsumobidek “enpresa-pakete” bat sortu du merkataritza-lana kontsumitzaileei berme osoak emanez garatu ahal izateko informazioa eta tresnak biltzeko. Pakete horri kontsumitzaileekin harreman zuzena duten enpresei eta ekintzaileei, adibidez, saltokiei, zerbitzuei eta abarri, zuzendutako formakuntza-modulu batzuk ere gehitu zaizkio.

Sailburuak hitzarmenaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, “gobernantza hobearen aldeko erakundeen erantzukizunaren adierazpena da”, esan du, “erantzukizun korporatiboa sustatzen eta kontsumitzaileen eskubideak babestuko direla bermatzen ere lagunduko baitu”. Sailburuak gogorarazi du pandemiak eragindako krisialdian ikusi dela lankidetza horren premia, “sektoreek hainbesteko laguntza behar izan dute, erakunde bakar batek ere ezin izan baitu ardura bere gain bere kabuz hartu”, adierazi du.

Bestalde, EUDELen elkarteburuak udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarlana, hitzarmen berriarekin areagotu egingo dena, balioetsi du: “Tokiko enpresetatik eta pertsonengandik hurbilen dauden erakundeen jarduera osatzeko eta sustatzeko beste tresna bat da. EUDELen konpromisoa da merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren arloko jardunbide egokiak Euskadiko ahalik eta udal gehienetara hedatzea, era horretara gizartearen gehiengoarengana iristeko”. Gorka Urtaranek elkarlana nabarmendu du, “gure tokiko merkataritza gertutasunaren, kalitatearen eta konfiantzaren erreferente izan dadin. Erakundeen arteko akordio honekin hiru helburu horiek sustatu nahi ditugu” azpimarratu du.

Azkenik, Erandio izan denez Kontsumobideren materiala jaso duen lehenengo herria, bertako alkateak nabarmendu nahi izan du hitzarmenak indartu egiten duela “Erandiok berak nahiz gainerako udalek egiten duten sentsibilizazio-lana. Irribarre atsegina eta gertukoa gara, elkarteekin, negozioekin eta tokiko agente guztiekin batera. Harro gaude Erandiokoak izateaz kontsumo arduratsuan ere”. Aitziber Olibanen ustez, helburua da “kalitatea eta aniztasuna eskaintzea eta auzoetara hurbiltzea. Harreman estu horrek ahalbidetu behar du informatua izatea, entzuna izatea eta tratu ekitatiboa eta justua jasotzea; eta hori lortzeko modu bakarra egunerokotasunean elkar ezagutzea eta gauzak maitasunez egitea da”. 

Lankidetza-hitzarmena

Kontsumo arduratsua sustatzeko eta kontsumitzaileen eskubideen defentsa bultzatzeko, ezinbestekoa da eragile ekonomikoen eta, bereziki, merkataritza-establezimenduen eta zerbitzu-enpresen konpromisoa. Udalek harreman estua dute tokiko ekonomiarekin eta merkataritzarekin, eta funtsezko eginkizuna betetzen dute, beraz, ETEak eta ekintzaileak sentsibilizatzearen eta horiei laguntzearen arloan. Sektore horiek funtsezkoak dira Kontsumobidek eta EUDELek partekatzen dituzten helburuak betetzeko, eta horregatik da hain garrantzitsua erakundeen arteko koordinazioa eta lankidetza.

Hitzarmen hau sinatuta, Kontsumobidek kontsumitzaileen eskubideen arloko prestakuntza-modulu bat eta materialak jarriko ditu EAEko udalen eskura. Horrela, udalek informazioa elkarteetara eta udal-mahaietara hedatuz eta ikastaroa euren udalerrian bideratuz eta antolatuz lagundu dezakete.

EUDELek, bere aldetik, hitzarmena dagoela jakinaraziko die udalerriei, interesa duten udal guztiek ikastaroa eskaini ahal izan dezaten. Ikastaroa eskatu ahala emango da, eta udalerri bakoitzaren premietara egokituta. Kontsumobidek doan eskainiko ditu material guztiak eta prestakuntza-ikastaroak emango dituzten langileak.