Kontroleko osoko bilkura (2021/06/11)

2021-06-11

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari eginaegungo testuinguruan izaten ari diren azken gertakarien aurrean.

Lehendakariak positiboki baloratu ditu egungo testuinguruan gertatzen ari diren azken gertaerak, osasun eta ekonomia zantzuek joera positiboa adierazten baitute. Ildo horretan, "susperraldi sozial eta ekonomikorako prest gaude, baita enplegua berreskuratzeko ere" azpimarratu du, eta horretarako Berpiztu Plana, Euskadi Next Programa eta Aurrekontuen Jarraibide ekonomikoak onartu dituztela esan du.

Gainera, gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak pandemiaren aurkako Lege berriaren Irizpena onartu duela; irizpen hori "gertatutakoaren eta egindakoaren balantzean" oinarritzen dela, "Etorkizuneko helburu estrategikoei begirako neurriak" proposatzen dituela eta "gobernantza eredua" hobetzen duela gaineratu du. "Zuek ez duzue ariketa kolektibo honetan parte hartu nahi izan. Nolanahi ere, urratsez urrats ari gara aurrera egiten, zuek Alderdi Popularrarekin, Ciudadanosekin eta Voxekin batera oposizioan murgiltzen zareten bitartean", adierazi du. Hala ere, Lehendakariak ateak irekita jarraitzen duela nabarmendu du.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskadiko osasun-egoerari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du egoerak hobera egin duela eta itxaropenerako arrazoiak daudela, baina erne mantendu behar dugula.

Osasun mentalari dagokionez, Lehendakariak argitu du osasun mentala barne hartzen duen osasun-plan bat dagoela, eta aurten bertan osasun lege-proiektu bat aurkeztea espero dela adierazi du. "Gai garrantzitsua eta konplexua iruditzen zait", gaineratu du. Halaber, Betirako programa martxan dagoela azpimarratu du, pandemiak eraginez sortu ahal izan diren osasun mentalari lotutako arazoak lantzen dituena, hain zuzen.

Lehendakariak adierazi duenez, pandemia osoan zehar, eta baita orain ere, Gobernuaren ekintza bi arrisku ekiditen saiatu da: gehiegizko baikortasuna eta gehiegizko katastrofismoa. "Gehiegizko baikortasunak kezkatzen nau, birusak hemen jarraitzen duelako. Gehiegizko katastrofismoak kezkatzen nau. Manipulazioaren eta egia erdien, datu partzialen eta puntualen konparazioen aurrean ohartarazi dut ", gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Sánchez jaunaren desleialtasunari buruz.

Lehendakariak aitortu du tirabirak izan direla Espainiako Gobernuarekin, baina, hala ere, egoera bideratzeko eta akordioak bilatzeko gaitasuna nabarmendu du. "Irtenbideak bilatzea lehenesten duen jarrera balioesten dut, eta horiek aurkitzeko gaitasuna", azpimarratu du. Iñigo Urkulluk adierazi du bere ardura euskal autogobernua defendatzea dela, eta bere konpromisoa polemika politikoa ez elikatzea, "lehentasuna pandemiari eta horren ondorioei erantzun bateratua eta eraginkorra ematea baita".

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, EAEn elkarbizitzarako dauden arriskuei buruz.

Lehendakariak azpimarratu duenez, Jaurlaritzaren apustua, Eusko Legebiltzarraren eta euskal gizartearen gehiengoarekin bat datorrena, "bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu argia eta irmoa da". Ildo horretan, bizikidetzaren helburuari sinesmen eta erabakitasun osoz heltzen zaiola adierazi du, indarkeriaren eta terrorismoaren zentzugabekeria azpimarratuz eta oinarrizko konpromiso etiko eta demokratikoaren alde eginez. "Etorkizuna eraikitzeko oinarriak dira. Bidezkoak, demokratikoak eta etikoak diren oinarriak; guztiontzat eta betiko ", gaineratu du.