Jokin Bildarratzek Kilometroak jaiaren irekiera ekitaldian parte hartu du Ordizian

2021-10-03

Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak Gipuzkoako Ikastolen aldeko Kilometroak 2021 festaren irekiera ekitaldian parte haru du gaur goizez, Ordizian. “Batera, bagara, bat gara” leloarekin, Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziko ikastolek antolatuta, Goierriko hiru herri horietan ari da ospatzen gaurko egunez jaia.

Irekiera ekitaldian hitza hartu duelarik, azken 60 urteetan Euskadin hezkuntzatik euskararen eta inklusioaren alde egin den lana nabarmendu du Hezkuntza sailburuak. Oraingo hau berriz,  hausnarketarako garaia dela nabarmendu du, Euskal Hezkuntza Sistemak dituen indarguneak –“asko ditu eta”, baieztatu du- eta ahultasunak aztertzeko unea, etorkizuneko euskal hezkuntza “denon artean eraikitzeko”.

“Azken urteak eta pandemiak erakutsi digu erronkak askoz errazago ateratzen direla elkarrekin arituz gero” nabarmendu du Bildarratzek. Aurrera begira hezkuntzak dituen erronkak handiak dira iritzi dio , eta aholkua eman die eragileei: “nire aholkua da ez sartzea alferreko eztabaidetan. Momentu honetan tokatzen zaigu lan egitea, eta batik bat eragileei tokatzen zaizue, teknikoei, hezkuntzaz dakizuenei. Badakigu arazoak non dauden, ezagutzen ditugu. Orain bilatu behar ditugu irtenbide posibleak. Eta ziur naiz, ikusten ari naizenagatik alderdi politikoak lagun izango dituzuela, zuen aldamenean, zuek azaltzen dituzuen kezkak aurrera ateratzeko”. Horrela zuzendu zaie bertaratuei.

 Bertsotan amaitu du bere interbentzioa Bildarratz sailburuak:

(doinua: Pasaiako plazatik)

Guretzat ikaslea

da protagonista,

eta irakaslea

beretzat taxista.

Hartu dezagun orain

gure autopista,

(e)ta eraiki dezagun

hezkuntza(a) futurista.