Juan Jose "Kako" Aramburuk agur esan dio lehiari ia bi hamarkada eman ondoren tiroaren goi mailan

Argitalpen-data: 

Irekia.jpg
  • Fundazioa martxan jarri zenetik Basque Teamek bekatutako tiratzaileak diziplinari lotuta jarraituko du, Frantziako federazioan teknikari gisa Paris 2024an lehiatuko den taldea zuzentzen

Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak eta Leire Guerenabarrena Euskal Federazioen Batasuneko gerenteak lagunduta, Kako Aramburuk kirolari gisa goi mailari agur esateko hartu duen erabakia jakitera eman du gaur, Donostian, tiro olinpikoan, skeet modalitatean, ia hogei urtez aritu ondoren.

Hausnarketa sakon baten ondoren, bere bizitzan beste lehentasun batzuk ezartzeko unea iritsi zela erabaki zuen Aranburuk. Basque Teameko tiratzaileak esan du bere bizitzan garrantzia edo pisua duten beste alderdi batzuk zaindu behar dituela, hala nola egonkortasun ekonomikoa eta seme-alaben zaintza. Horregatik erabaki du agur esatea. Goi-mailako tiro olinpikoa kirol zorrotza da, denbora eta dedikazioa behar dituena, eta urteko diru-sarrerak lortutako emaitzen araberakoak dira. Horregatik, etorkizunean pentsatuz, ‘Kako'k pausua ematea erabaki du, kirolari bezala bere iragana atzean uztea kosta egiten zaion arren.

“Ez da erabaki erraza izan. Hartzerakoan, besteak beste, nire egoera familiarra, emaztea eta hiru seme-alabak kontuan hartu ditut” adierazi du ‘Kako’k.

Irungo kirolariak sentitzen du zorte handia izan duela urte hauetan guztietan, eta eskerrak eman nahi izan dizkio bere inguru guztiari.

"Eskertu nahi dut urte hauetan guztietan jaso dudan prestakuntza, baita babesa ere. Urte horietan, saiatu naiz dena ematen, jakitun bainaiz banakako kirol batean lehiatu arren, nire garaipen guztiak talde-lanaren ondorio izan direla", azpimarratu du Aramburuk.

Juanjo Aramburuk hamarkadak eman ditu bere diziplina lantzen, nazioartean erreferenteetako bat izateraino. Ibilbide profesional luze horretan nabarmentzekoak dira Beijingo 2008ko Olinpiar Jokoetan lortutako zortzigarren postuagatik irabazitako diploma, Londresko Olinpiar Jokoetarako sailkapena (23. amaitu zuen), Belgraden 2011n erdietsitako Munduko txapeldun titulua eta 2007an eta 2004an poltsikoratutako Europako bi dominak.

Lorpen horiek guztiek curriculum bikaina sortzeko balio izan diote, eta hori ez da oharkabean pasatu Frantziako Tiro Federazioarentzat. ‘Kako’ Aramburuk goi mailako jaurtiketari lotuta jarraituko du, federazio horretako teknikari gisa lan egingo baitu 2024ko Pariseko Jokoetan dominen lehian arituko den senior taldea zuzentzeko. Bere kargu egongo da, besteak beste, Eric Delaunay, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetako finalean bosgarren amaitu zuen kirolaria.

“Oso esperientzia aberasgarria eta motibagarria izango da. Betidanik jakin izan dut goi mailako kirolari izateari uztean, kirol honi lotuta jarraituko nuela. Ez nukeen era hobea imajinatuko jauzia emateko”, ziurtatu du Aramburuk.

‘Kako' Aramburu izan da Basque Teami lotuta urte gehien eman dituen kirolarietako bat, Fundazioko kide baita erakundearen sorkuntzatik, 2008tik.
 
Juan José ‘Kako’ Arambururen profila
 
Kirola: Olinpiar tiroa (skeet)
Irun, 1981-10-13
 
Tiroarekin lehen harremanak bere aita eta osabaren eskutik izan zituen Irungo inguruko mendietan. Ehizan ibili zen lehen eguneko oroitzapen onak ditu. Ehizako jardunaldia ez zen espero bezala atera, eta arma bat eman zioten tiro batzuk jaurtitzeko. Ondo egin zuela esan zioten. Harrezkero aldamenean izan du beti eskopeta. Apurka-apurka ikasten joan zen, kirol honen gorengo mailara heldu eta nazioarte mailan erreferente bilakatu arte.

Gaur egun San Marcial-eko tiro-eremuan eta Las Gabias-eko (Granada) Juan Carlos I Errendimendu Altuko Zentroan  praktikatzen du. Bi instalazio horietan 15.000 plater inguru hausten ditu urtero.

Bere kirol ibilbidean nabarmenak dira 2008ko Beijingo Olinpiar Jokoetan zortzigarren postuagatik lortutako diploma, Londres 2012ko Olinpiar Jokoetan izan zuen parte hartzea (23. amaitu zuen), 2011n Belgradeko Munduko Txapelketan erdietsitako urrezko domina, eta Europako txapelketetan lortutako bi dominak: 2007an Granadakoan eskuratutako zilarra eta 2014an Nicosian bereganatutako brontzea. 2013an Abu Dhabiko Munduko Kopako proban urrea irabazi zuen, eta brontzeak 2006an Suhlen, 2011n Al Ainen, 2013an eta 2016an Nicosian eta 2018an Changwonen. 

‘Kako’k Ingenieritzako ikasketekin uztartu du tiroa. Naturarekin lotutako guztia gustatzen zaio, batez ere ehiza eta arrantza.