Josu Erkoreka: "Oso atsekabetuta nago Basauriko erasoarekin, ulertezina da"

2021-06-09

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Herri Irratiko "Egun On Bizkaia" saioan, eta, bertan, atsekabetuta agertu da Basaurin gazte batek jasandako eraso homofoboaren aurrean. "Oso atsekabetuta nago, ez dut ulertzen", adierazi du. Erkorekak esan du jarrera pleistozenokoa dela, eta gaineratu du eskandalagarria dela horrelako egoera bat gertatzea gure gizartean, ahalegin handia egin baita aniztasuna eta pertsonen berdintasuna errespetatzearen garrantzia transmititzeko.

Josu Erkorekak adierazi du estatistikek erakusten dutela horrelako egoerak gertatzen direla, baina 10 gaztetik gorako kuadrilla batek sexu-orientazioagatik pertsona bat erasotzen duela jakiten denean, “atsekabe sentitzen dut”.

Sailburuak azaldu du Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela eta dagoeneko 9 pertsona identifikatu dituela. "Behin froga guztiak eskuratuta, agintari judizialen esku jarriko da", zehaztu du.

Errepideko sentsibilizazio-kanpainei buruz galdetuta, Segurtasuneko sailburuak azpimarratu du Saila ahalegin handia egiten ari dela arlo horretan. Zentzu horretan, adierazleek, oro har, aldeko bilakaera dutela adierazi du, kultura, prestakuntza eta ardura handiagoa dagoelako.

Hala ere, Josu Erkorekak aitortu du bereziki kezkatuta daudela motorren istripuengatik, azken boladan motozalearen jardueraren ondorioz gertatzen baitira istripuak, ez beste ibilgailu batekin talka egitearen ondorioz. "Ez nuke orokortu nahi, gidari batzuk zuhurtzia handiz ibiltzen dira, baina beste batzuk asko okertzen dira bihurguneetan eta abiadura gainditzen dute. Errespetuzko bizikidetzan bateraezina den sakoneko kultura bat dago ", gaineratu du.

Bestalde, Herri Irratian egindako elkarrizketan, Segurtasuneko sailburuak adierazi du Ertzaintza funtsezko lana egiten ari dela Euskadin segurtasun publikoa, printzipioak eta balio demokratikoak bermatzeko.

Halaber, lehendakariordeak pandemiaren ondorioz azken urtean gertatu den "birzentralizazioaz" hitz egin du, eta esan du  pandemiaren ondorengo “paisaia kudeatzea zaila" izan daitekeela, dena amaitzean panorama askoz zentralizatuagoa aurkituko dugulako. Ildo horretan, eta azken gertakariei erreferentzia eginez, Erkorekak azpimarratu du Lurraldearteko Osasun Kontseiluak gomendio eta jarraibide orokorrak ezarri behar dituela, baina ez guztiek berdin bete beharreko erabakiak. "Autonomia erkidegoen eskumenak errespetatzen dituen eta lurraldeen egoera aniztasuna onartzen duen berrazterketa aukera ona izan daiteke", gaineratu du.