Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak eta Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiak gobernantzaren berrikuntzari buruzko esperientziak partekatu dituzte

IMG_6653.JPG

2021-07-01

Jone Berriozabal, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordea, Iberoamerikako Idazkaritza Nagusiko (SEGIB) ordezkaritza batekin bildu da, gaur arratsaldean, gobernantza publikoaren berrikuntzari buruzko esperientziak partekatzeko. Eusko Jaurlaritzak bere plan estrategikoa azaldu du eta kudeaketa eta zerbitzu publikoa gidatzen duten gobernu onaren zutabeak azpimarratu ditu, batez ere gobernu ireki, garden, digital eta parte-hartzailean oinarrituta, herritarren aurrean kontuak ematen dituena, betiere 2030 Agendaren helburuekin eta Garapen Iraunkorraren Xedeei egiten dien ekarpenarekin lotuta.

Berriozabalekin batera, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako zuzendari Javier Bikandi izan da, Begoña Otalorarekin batera. Myriam Larrouletek, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendariak, osatu du euskal ordezkaritza.

SEGIBeko ordezkariak, aldiz, Pedro Manuel Moreno Kabineteko zuzendaria, Luciana Binaghi Aliantza estrategikoen arduraduna eta Jorge Andrés Osorio Agenda 2030en arduraduna izan dira.

Topaketa hori, 2013an, Eusko Jaurlaritzak eta SEGIBek sektore estrategikoetan harremanak sendotzeko eta aliantzak ezartzeko sinatutako akordioaren barruan kokatzen da. Nazioarteko erakundeak Eusko Jaurlaritzako hainbat sailekin egindako bileretako bat izan da hau. Goizean, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Rebeca Grynspan SEGIBen idazkari nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Ajuria Enean, interes komuneko gaietan.

Iberoamerikako Idazkaritza Nagusia Iberoamerikako Konferentziari eta estatuburuen eta gobernuburuen goi-bilerari laguntza instituzionala eta teknikoa emateko organo iraunkorra da, Iberoamerikako komunitatea osatzen duten Iberoamerikako 22 herrialdeek osatua.