Javier Hurtado sailburuak "zuzeneko laguntzen alde egiten dugu apustu Euskaditik, sektoreak behar dituelako"

2021-03-11

Javier Hurtado sailburua elkarrizketatu dute Radio Popular irratiko goizeko saioan. Elkarrizketan, Euskadiko lurraldeen arteko mugikortasunaren oraingo egoeraz jardun du sailburuak eta adierazi duenez aukera hobezina da hau euskaldunek beroiek disfrutatu eta ezagutzeko Euskadik arduraz eta zuhurtasunez eskaintzen duen baliabide turistikoen aukera zabala; natura, kultura eta gastronomia.

Horretarako, Hurtadok aurreratu duenez, Saila prestatzen ari den sustapen-kanpainak, datozen egonetan aurkeztuko direnak, barneko bidaiariari zuzenduak izango dira eta plan ugari erakutsiko dituzte Euskadiko lurraldeetan disfrutatzeko.

Bestalde, sailburuak iragarri duenez, euskal merkataritzako ekipamendu pertsonalaren sektoreari zuzendutako laguntzek harrera ona izan dute eta deialdia irekita egon den 2 egunetan dagoeneko 1.200 enpresak jo dute laguntza horietara. Euskal Turismoari Eusteko Planaren zuzeneko laguntzetan 1.686 enpresa eskatzaile daude une honetan. Sailburuak adierazi duenez, ahal bezain laster iritsiko zaizkie laguntzak hartzaileei eta horretarako indartu egin dira sailaren baliabideak.

Zentzu horretan, sailburuak nabarmendu duenez, zuzeneko laguntzen alde egiten da apustu Euskaditik, “sektoreak behar dituelako” eta osagarriak dira beste neurri batzuekin, zeinak “laguntzak ere dira, udaletako tasen beherapena, ABEEEak eta beren osagarriak, besteren artean”.

Bere Sailak eta gobernuak orain egoera okerrenean dauden sektoreak babesteko duten borondatea aditzera eman du Hurtadok, baina azaldu duenez “sail baten zeregina gainditzen du helburu horrek, baita gobernu batena ere, instituzio guztien zeregina baita. Horregatik erabaki nuen Erakundeen arteko Koordinazio Mahai bat sortzea, batera lan egiteko eta baliabide publikoak hobeto kudeatzeko aukera ematen duelako.”

Euskal instituzio guztiek egindako lan horren emaitza dira hainbat ekintza, besteak beste, Turismo Bonua, gaurtik 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen dena, jatetxeetan, ostalaritzan eta turismo-enpresetan erabiltzeko. Ostalaritzako eta turismoko 466.250 bonuek gutxienez 14 milioi euro mugituko dituzte erosketetan. Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta EUDELekin batera, akordio aitzindari bat sinatu zuten 2020an “Euskadi Bonu Denda” eta “Euskadi Turismo Bonua” kontsumo-bonuak kaleratzeko eta sektore horiei lagundu ahal izateko, gehien erasandakoak baitira pandemiaren ondorioz.