Javier Hurtado sailburuak eta Oiartzungo eta Errenteriako alkateek Arditurriko Bide Berdea sustatzeko hitzarmena sinatu dute

2021-10-20

  • Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Oiartzungo alkate Jexux Leonetek eta Errenteriako alkate Aizpea Otaegik Oarsoaldea eskualdeko Lehentasunez Jarduteko Eremuetako turismo-aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko planean jasotako akordioa sinatu dute. 

  • Hitzarmen hau sinatuta, milioi bat euro bideratuko dira Arditurriko Bide Berdeko korridore turistikoa sustatzeko. 

Gaur sinatu da Oarsoaldea eskualdearen eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren arteko hitzarmena, turismo-aktiboak sustatzeko eta balorizatzeko. Hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Berpiztu programaren 6,5 milioiko aparteko ekarpenarekin gauzatuko den Lehentasunez Jarduteko Eremuetako (LJE) turismo-aktiboen planaren barruan kokatzen da. Horren bidez, turismo-jarduerak garatu nahi dira hainbat udalerri eta eskualdetan.

Oarsoaldean, milioi bat euro inbertituko dira Arditurri Bide Berdeko turismo-korridorea egokitzeko eta sustatzeko, eta, horrela, oinezkoentzako bizikleta-ardatz baten funtzionaltasuna indartuko da, eskualdeko bisitari zein biztanleentzako erakargarria izango dena. Horrela, baliabide turistiko natural eta ondare kulturalaren baliabide gisa duen balioa indartuko da. Hori lortzeko gisa honetako jarduerak burutuko dira: digitalizazioaren esparrukoak, bide berdearekin eta haren hedapenarekin lotutako zerbitzuak indartzearekin, eta bide berdearen ardatza eta adarrak hobetzearekin lotutakoak,  baita bide berdea leheneratzearekin lotutakoak ere.

Modernizazioa eta digitalizazioa sustatu nahi dira, adibidez, plataforma digital baten bidez eta webgune bidezko ticketing zerbitzuaren bidez. Gainera, zerbitzu gehigarriak edo sustapen-materialen garapena indartu nahi dira. "Azken batean, bide berde bat hobetzea eta indartzea, bertako ekonomia, enplegua eta garapena bultzatzeko" azpimarratu du sailburuak.

Sailburuak gogorarazi du, halaber, Arditurriko Bide Berdea eskualde osoaren lotura dela eta proiektu estrategikoa dela. “Bide berdeak udalerri osoa zeharkatzen du Pasaiako portua eta Arditurriko meategiak lotzen zituen trenbide zaharraren gainean. Meategi horiek, gaur egun, Sailak sustatzen duen industria-baliabideen sarearen parte dira, eta Industria Ondarearen Europako Sarean integratzen dira”.

Horregatik, eta azaldu duen bezala: “bide berdeak berreskuratzea, bultzatzea eta sustatzea oso garrantzitsua da Euskadiko turismo-jasangarritasuneko estrategiaren esparruan, bai eta haren ondarearen balioa nabarmentzeko estrategiaren barruan ere. Bide berdeak irisgarritasunaren, motorrik gabeko mugikortasunaren eta gure memoria industriala berreskuratzearen adibide dira, baita eta haren inguruan zerbitzuak eta enpresak sortzeko aukera ere”.