Javier Hurtado sailburua: "Nire babesik handiena merkataritza-sektorearentzat, egun hauetan gertatu diren eta beti gaitzetsi behar ditugun ekintza bandalikoen aurrean"

Pasajero_3000.jpg

2021-08-25

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado, Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiarekin batera, Donostian izan da gaur, Donostiaren eta Biarritzen arteko fluxu turistikoa bultzatzen duen autobuseko 3.000. bidaiariaren saria emateko. Ekimen horrek “eragin positiboa du bertako merkataritzan eta ostalaritzan”. Sailburuak aukera baliatu du Sailak sektoreari emandako babesa sendotzeko, bereziki asteburuan jasandako ekintza bandalikoen ondoren.

Uztailaren 14az geroztik Donostia eta Biarritz lotzen dituen zuzeneko autobusa oso harrera ona izaten ari da bi hirietan. Hilabete inguruko epean, zerbitzua 3.000 bidaiarira iritsi da, eta horrek eragin positiboa izan du Donostiako merkataritzan eta ostalaritzan. Hori dela eta, 3.000. bidaiariari 200 euroko txeke bat eman zaio, San Sebastián Shops plataformari atxikitako tokiko merkataritzan kontsumitzeko.

Donostiako eta Biarritzeko turismo-erakundeek hainbat hilabete eman dituzte lanean ezaugarri komun asko dituzten bi hiri horiek marka turistiko berarekin lotzen dituen turismoa sustatzeko baterako lankidetza eta estrategia batean. Lehen ekintzak uztailaren 14an jarri ziren abian, “Donostia-Biarritz: bi hiri, gune bakarra” marka turistiko berria eta webgunea atera zirenean.

Ekimen hori Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Gipuzkoako Hotelen Elkarteak eta San Sebastián Shops plataformak babesten dute, eta  Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa jasotzen du Basquetour agentziaren bitartez.

Sailburuak azpimarratu duenez, “aurtengo udan, turismoaren datuak onak izaten ari dira, 2020ko zifrak gainditu eta Covid-aren aurreko datuetara hurbildu baitira, eta oso positiboa izan da ekimen hau, erraztu egiten baitu antzekoak diren eta elkarren artean mugimendu-tradizio handia duten bi hirien arteko fluxu turistikoa”.

Amaitzeko, babes-mezu bat helarazi nahi izan die asteburuan erasoak jasan dituzten saltokiei, eta haietako batzuk bisitatu ditu ekitaldiaren aurretik. “Azpimarratu nahi dut edozein indarkeria-ekintza arbuiatzen dudala beti, are gehiago merkataritzak bizi dituen une zail hauetan, gure babesa inoiz baino neurri handiagoan behar duenean. Ildo horretan, gure babes osoa jasotzen ari da, eta jasotzen jarraituko du”.