Javier Hurtado sailburua: " MICE turismoa negoziotarako aukera paregabea da eta Euskadiko turismo-estrategiaren zati garrantzitsu bat"

Inauguracion_Let_s_Mice.jpg

2021-06-18

  • Let 's Mice-ren hirugarren edizioak biltzarrak antolatzeko Euskadiko sektorea bildu du Barakaldoko BECen, prestakuntza- eta networking-jardunaldi batean.

  • Ekitaldi honek, ideien sorkuntza sustatzeko topaketa izateaz gain, erakutsi nahi du modu seguruan berrantolatu daitezkeela aurrez aurreko ekitaldiak.

 

Let 's Mice-k hirugarren edizioa lortu du, eta Biltzarrak antolatzen dituen sektore profesionaleko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak antolatu du, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez.

Javier Hurtado sailburuak hasiera eman dio jardunaldiari, eta sektorea laguntzeko planak gogorarazi ditu, amaitzen ari den erresistentzia-fase honetan: "107 milioi euroko erresistentzia-planarekin, 15 milioiko ezohiko COVID  laguntzak bideratu ditugu turismo-sektorerako, turismoari eusteko 21 milioiko plan bat, turismo-produktuak modernizatzeko, sortzeko eta sustatzeko beste laguntza batzuk edo ekintzailetzara bideratutakoak eta turismo-bonua. Eta lanean jarraituko dugu sektorea suspertze-fase horretan laguntzeko, Euskadi aisialdirako eta negoziorako helmuga gisa sustatzeko ".

MICE turismoa ardatz garrantzitsua da Euskadiko turismo-estrategian; izan ere, bisitatzen gaituztenen % 12k arrazoi profesionalengatik egiten dute, eta segmentu horren hazkundean eragiten jarraituko dugu, berariazko planak garatuz. Eta garrantzitsua da, gainera, turismo aldietatik era bikoitz batean ateratzen gaituen jarduera delako:  bai astean zehar, bai urtean zehar. Euskadin biltzarrak egiteko hilabete gogokoena ekaina da (%29), eta ondoren iraila eta urria (horietako bakoitza %22rekin).

"MICE turismoa negoziotarako aukera paregabea da, etekinak ematen dizkio ekonomia orokorrari, ezagutzaren zabalkundea sustatzen du eta berrikuntza eta sormena sustatzen ditu. Gainera, ekitaldi bakoitza komunikazio-tresna indartsu bihurtzen da, ez soilik turismoaren eremuan, baizik eta Euskadin garrantzitsuak diren beste sektore batzuen potentzialtasunak proiektatzen laguntzen du eta balio erantsia ematen du", aztertu du sailburuak.

Let 's Mice hau suspertze-ekimen bat da, eta lelo honekin aurkezten da: “MICE sektorea berrasmatuz". Konfiantza transmtitzen duen mezu horren bidez sektoreari helarazi nahi zaio pandemiaren osteko egungo egoerari buelta emateko beharra dagoela, modu positiboan eta proaktiboan. Horrela dio bere programak. "Bueltatzeko garaia da, Euskadiko biltzarren sektorearen ordua. Elkar aitortzeko, berriro elkar ezagutzeko, lan egiteko beste modu batzuk bilatzeko, ohiturak hausteko eta beste eskema batzuekin lan egiteko garaia ".

Parte hartzeko formatua mistoa da, presentziala eta online bidezkoa, eta jardunaldiak bi helburu ditu: alde batetik, aurrez aurreko ekitaldiak modu seguruan berrantolatzeko aukera dagoela frogatzea, esperientzialak eta entretenigarriak izaterari uko egin gabe. Bestetik, ideien sorkuntza sustatzea, profesionalen arteko lankidetza bidez, estrategiak birpentsatzea eta elkar konektatzea etorkizuneko proiektu bateratuetan sinergiak sortzeko.

Programatutako esku-hartzeetan, MICE sektoreko edo komunikazioko zenbaki eta joerei buruz hitz egingo da, baita pandemia osteko formatu berriei eta giza baliabideei buruz ere.

Informazio gehiago, programa eta hizlariak, hemen: https://mice.basquetour.eus / 

MICE da biltzar-turismoa definitzeko erabiltzen den ingelesezko akronimoa (Meetings, Incentives, Conventions and Exhibitions/Events); MICE gisa katalogatzen da bidaia negozio-bileretara, biltzarretara, konbentzioetara eta pizgarri-bidaietara joateak eragindakoa denean.