Javier Hurtado sailburua: "Maskarak ikuskatzeko kanpaina berriak sareta ereduetan eragingo du"

2021-03-26

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak gaur erantzun dio Eusko Legebiltzarreko Kontrol Osoko Bilkurari, Kontsumoko Euskal Institutuak abian jarriko duen higiene-maskarak ikuskatzeko kanpaina berriari buruz.

Sailburuak zehaztu du Kontsumobideren hurrengo kontrol-kanpaina hilaren 30ean jarriko dela abian, Kontsumo Ministerioaren higiene-maskaren etiketei eta ezaugarriei buruzko agindu berria indarrean jartzen denean.

Irregulartasunak ikusten badira, kanpaina zehatzailea izango da, uste baita merkatuak denbora nahikoa izan duela araudira egokitzeko. Eragin berezia izango du saretako maskaretan. Era berean, kontrola etiketatze egokia egiaztatzetik harago joango da, eta laginak hartuko dira, laborategira bidaliko direnak bakterio-iragazketaren eraginkortasuna aztertzeko.

Kontsumobidek, bere eskumenen barruan, unean uneko egoeretara egokitutako hainbat kanpaina egin ditu, osasun-neurrien ikuspegitik eta merkatuaren eta maskara-produktuen bilakaeraren ikuspegitik.

Kanpaina horietan aztertu zen etiketen egoera higiene-maskarak eta NBEak merkaturatzean; izan ere, kirurgia-produktuak osasun-produktuak direnez, ez dira haien eskumenetan sartzen.

Maskara-ereduen aurreko informazio-kanpainan etiketetan hainbat ez-betetze hauteman ziren, eta gehienak zuzendu egin ziren. Hori dela eta, kanpaina berri hau antolatu da, eta zehapen-izaera izango du.