Javier Hurtado sailburua: "Esférica jaialdiak Arabako Errioxarekin hartuta duen konpromisoa aldarrikatzen du, eta jasangarritasuna gehitzen dio jatorrizko ikusmoldeari"  

2021-08-19

 

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Esférica jaialdiaren aurkezpenean parte hartu du. Jaialdia gaur hasi eta abuztuaren 22ra luzatuko da, eta musikaz, artez, enogastronomiaz eta kulturaz blaituko ditu Arabako Errioxako hainbat agertoki. Aurkezpenean Cristina González Arabako bigarren diputatu nagusiorde eta Enplegu, merkataritza eta turismo sustapenaren eta foru-administrazioaren saileko foru-diputatuak eta Carlos A. Montilla Esférica jaialdiaren zuzendariak ere esku hartu dute.

Sailburuak gogoratu du oraindik ere gure artean dugun pandemiak ekarri digun ziurgabetasun giroa, eta adierazi du zuhurtziaz eta arretaz egin behar diogula aurre, nahiz eta ezinbesteko tresna bat, txertoa, alegia, izan”. Hala eta guztiz ere, sailburuak nabarmendu du sektoreko profesionalek egiten duten lan itzela, neurriak zorrotz betez eta Euskadi ekitaldi seguruak egiten dituen helmuga segurua bihurtuz.

 Alde horretatik, Esférica ekitaldi segurua da, “lurralde paregabean egiten da, halaxe baita Arabako Errioxa, gure bisitariei Euskadin eta Araban egiten diegun eskaintzaren zati garrantzitsua eta enogastronomiaren eta gure ardoen kalitatearen laginik onena”.

 Horrez gainera, sailburuak aipatu du jasangarritasuna dela jaialdiaren ardatza, Sailetik ezartzen diren turismo-politikena bezala. “Jasangarritasunak esan nahi du gure profesionalak joan den astean aurkeztu genuen eta gure politikak orientatzen dituen Turismoaren Kode Etikoari atxikitzea. Jasangarritasunak esan nahi du mugikortasun jasangarria, eta atzo bertan The e-Basque Route proiektuan aurkeztu genizkizuen auto elektrikoan egiteko ibilbideak eta kargatzeko guneen aldeko apustua. Jasangarritasunak esan nahi du tokiko garapena eta helmugan inplikatzea ekitaldi jasangarriekin, halaxe izanik Esférica, aisialdi-eredu arduratsuagoa eta inklusiboagoa sustatzen baitu, bisitarian arrasto handia utziko duena baina ingurunean oso eragin txikia izango duena. Jasangarritasunak esan nahi du turismoaren kudeaketan ematen dugun urrats bakoitza jasangarritasunaren ikuspegitik ematea, eta halaxe egiten ari gara eta horixe izango da aurrerantzean ere gure premisa”.