IVAPeko aldizkari juridikoak kalitate zigilua jaso du dibulgaziozko eta azterketa lanagatik

2021-11-05

  • Herri Arduralaritzako Euskal Aldizkariak ‘Aldizkari Bikainaren’ ziurtagiria jaso du Espainiako Zientzia eta Teknologia Fundazioaren eskutik
  • Garamendi Sailburua pozik agertu da eta kalitate zigilua IVAPen eta aldizkariaren arduradun eta langileen urteetako lanaren erakusle dela nabarmendu du

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburu Olatz Garamendik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) zoriondu du Herri Arduralaritzaren Euskal Aldizkariari ‘Aldizkari Bikaina’ ziurtagiria eman diotelako. Aldizkariak Zientzia eta Teknologiaren Espainiako Fundazioak urtero egiten duen argitalpen zientifikoen ebaluazio prozesua arrakastaz gainditu ondoren lortu du errekonozimendu hori.

Lau hilean behin kaleratzen den aldizkariak lehenengoz eskuratu du kalitate zigilu hori, 1981ean jaio zenetik berrogeigarren urteurrena bete den honetan. Lau hamarkada hauetan zehar 120 zenbaki argitaratu ditu eta bere barruan ikerketa juridiko berritzaileen jatorrizko lanak eta Herri Administrazioen Zuzenbiderako interesgarriak diren artikuluak zabaltzen ditu. “Sari horrek IVAPek arlo honetan egindako dibulgazio lana eta Eusko Jaurlaritzak interes publikoko azterlan juridikoak sustatu eta zabaltzeko ahalegina nabarmentzen ditu”, adierazi du Garamendik. Sailburuaren ustez, ziurtagiri hori IVAPek urte askoan egiten duen lanaren emaitza da, lan isila baina oso zorrotza eta kalitatezkoa”. Gaineratu duenez, ziurtagiriak erakunde autonomoko arduradunen eta langileen lana ere balioztatzen du eta, honako honetan, bereziki aldizkaria argitaratzeaz arduratzen diren pertsonena". Bere aldetik, Egoitz Laburu erakunde autonomoko zuzendari nagusiak ziurtatu du Herri Arduralaritzaren Euskal Aldizkaria bultzatzen jarraituko dutela, “ziur baikaude oso argitalpen zientifiko juridiko erabilgarria dela eremu akademikoan eta administrazio publikoetan”.

Argitalpenak ebaluatzeko orduan, Estatuko fundazioak hainbat kalitate adierazle hartzen ditu kontuan, hala nola, Erredakzio Kontseiluaren aniztasuna, kanpoko arbitrajearen existentzia, nazioartekotasuna, ikerketako artikulu gehienak argitaratutako edukien artean, aldizkariaren inpaktu eta ikusgarritasun maila, alderdi etikoen behaketa, aldizkariaren orientazioa eta argitalpenaren eduki zientifikoa eta aldizkariaren egitura.

Aldizkaria paperezko euskarrian argitaratzen da, baita online irekian ere; apirilean, abuztuan eta abenduan kaleratzen da eta unibertsitate munduari zuzenduta dago, baina baita Administrazio Publikoan zerbitzuak ematen dituzten pertsonei ere.

Prestakuntza eta Liburutegi zerbitzuentzako diplomak

Ez da hori IVAPek azken asteotan jaso duen sari bakarra, bere zerbitzu kartak errekonozitzeko bi diploma ere jaso baititu. Izan ere kudeaketa aurreratuarekin konprometitutako Euskadiko erakunde publikoen sareak (Q-epea deritzanak) IVAPen prestakuntza zerbitzua eta liburutegi zerbitzua nabarmendu ditu, bi zerbitzuek kudeaketa jardunbide egokien eta kudeaketa bikaintasunaren estandarrak betetzen dituztela iritzita.