Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik jaso dute Gure Artea saria Dario Urzay-k, Damaris Pan-ek eta Peio Aguirre-k

2021-10-05

  • Artium Museoan egin da arte plastikoen eta ikusizkoen arloan Euskadin ematen diren sari garrantzitsuenak banatzeko ekitaldia
  • Iñigo Urkullu Lehendakariak 150.000 euroko dirulaguntza bat ere iragarri du, iaz bezala, pandemiaren ondorioak arindu eta Bilboko Arte Ederren Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Gasteizko Artium Museoak elkarlanean bizirik dauden artisten sorkuntza-jarduera sustatu eta artelanak erosteko

Iñigo Urkullu Lehendakaria Gure Artea 2021 sariak emateko ekitaldiaren buru izan da gaur. Artium Arte Garaikideko Museoan egin den ekitaldian Dario Urzay-k “Ibilbide artistikoa aitortzeko saria” jaso du, Damaris Pan-ek “Sorkuntza lana aitortzeko saria” eta Peio Aguirrek “Arte Plastikoen eta ikusizko arloan agenteek egindako lana” aitortzeko saria.

Lehendakariarekin batera ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, Andoni Iturbe kultura sailburuordea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea,  Ramiro González Arabako Diputatu Nagusia eta Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea ere izan dira beste agintari eta kultur sektoreko ordezkari batzuekin batera.

Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez “pandemiaren hamazortzi hilabete luze hauetan, kulturarekin dugun konpromisoari eusten saiatu gara. Bereziki, herri honetako sortzaileekin daukagun ordaina”. Bingen Zupiria sailburuak ere nabarmendu du kulturak izan duen papera pandemia garaian: “herritar askok kultur-gune hauen babesa baliatu dute pandemiak ezarritako mugen barruan seguru sentitzeko eta bestela izan ditugun pena askoren sendagarri modura”.

Bestalde, Lehendakariak saridunei zuzenduta gaineratu duenez “gure asmoa, nahia eta gogoa da zuen lana aitortzea eta zuen ekarpena ezagunagoa egitea. Azken aldian bizi izan ditugun garaiak oso zailak izan arren, zeregin horretan ez dugu etsi. Eusko Jaurlaritzak, bizitzea egokitu zaigun garai zail hauetan, etengabe eutsi dio lan artistikoaren babesari”. Gaineratu duenez, iaz egin zen bezala, aurten ere, 150.000 euro bideratuko dira artelanak erosteko, arte sortzaileak igarotzen ari ziren zailtasunak arintze aldera. “Aurten ere konpromiso berdina berritu dugu. Konpromiso hau Bilboko Arte Eder Museoaren, Donostiako Tabakaleraren eta Gasteizko Artium Museoaren bidez bideratuko dugu, hiru Museoen elkarlana sustatuz” iragarri du.

Artium Fundazioak, Tabakalerarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin koordinatuta, kudeatzen duen laguntza honek bizirik dauden artisten sorkuntza-jarduera sustatu eta euskal kultura-ondare garaikidea aberasteko balioko du. Iazko dirulaguntzarekin guztira 24 euskal artistaren 34 artelan eta edizio grafikoko 8 ale erosi ziren eta Gasteizko Artium Museoa da funts partekatua horren egoitza. 

Ibilbide artistikoa aitortzeko saria

Dario Urzay artista bilbotarrak jaso du aurtengo “Ibilbide artistikoa aitortzeko saria”. 40 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala du Urzayk artearekin konprometitutako praktikari lotua, euskal arteko belaunaldi berrietan artista bakan eta aitortuenetako bat bihurtzeraino. Hainbat erakusketa indibidual eta kolektibotan parte hartu du, hala estatukoetan nola nazioartekoetan, eta haren lana hainbat sarirekin aitortu da, adibidez, Arte Grafikoaren Sari Nazionala (2005). Gainera, bere obra museo garrantzitsuetako bildumetan dago.

Epaimahaiaren iritziz artista bilbotarrak “gutxik bezala gorpuzten du bizitzea egokitu zaion garaiko margolaria” eta bere epaiak adierazten duenez, “esperimentazioari irekita, azaleren plastika eta horretarako teknikak ikertzen ditu bere artelanetan, inprimaketa fotografikoak, erretxinak eta bernizak baliatuz, pintura esploratzen du, mikrotik hasi eta makroraino, biologikotik geologikoraino, irudiaren eta prozeduraren arteko interakzioaren problematikari jarraipena emanez, ikuslearen begirada inoiz ere ahaztu gabe, obra artistikoaren eraketaren funtsezko elementua den neurrian”. 

Sorkuntza-lana aitortzeko saria

Damaris Pan-entzat izan da 2021eko Sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria. Mallabiako artista Euskal Autonomia Erkidegoan azken urteotan pinturan bizi den berpizkundearen ordezkari nagusietako bat da. Artista bizkaitarrak lan artistikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko irakaskuntza-lana uztartzen ditu, eta azken urteotan ibilbide nabarmena izan du, etengabeko bilakaeran, pintura-lanaren autonomiaren aldeko apustu argia eginez.

Epaimahaiak azaldu duenez Damaris Panen obra “pausatua da, planoak eta koloreak gainjartzeagatik berezia,  eta umoretsua delako, itxurazko presentzia biluziaren atzean bere konplexutasun osoa ezkutatuz. Inspirazioa eguneroko bizitzan aurkitzen du eta forma geometriko indartsuz, ingeradez eta giza gorputzeko zatikiz osatutako natura hiletan zein erretratuetan lan egiten du askotariko objektuekin eta izaki fantastikoekin, baina Damaris Panek ihes egiten dio errepresentazio-asmoari, beste errealitate berrien bila ateratzeko: bertan, formak, koloreak, prozesuak eta barne-eraketak dira erabiltzen dituen osagaiak”.  

Arte plastiko eta ikusizkoen arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria

Azkenik, Peio Aguirre elorriotarrak jaso du “arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko” Gure Artea 2021 saria. Peio Aguirre idazlea da, arte-kritikaria, editorea eta erakusketen koordinatzaile independentea, egun estatuko arte-testuinguruko eragile nabarmenetako bat; izan ere, oparo lan egin du ikerketan, ekoizpenean eta zabalkunde-lanean askotariko arte-ardurako eta argitalpeneko plataforma ugaritan, hainbat proiekturen bidez, hala esperimentaziorako espazio alternatiboetan nola erakunde sustraituetan.
Epaimahaiak eragile bitartekari eta testuinguru-sortzaile lanetan eta euskal artisten sarea eratzen, garatzen eta balioztatzen egin duen lana azpimarratu du. Epaimahaiko kideek gaineratu dutenez, “diskurtso kritiko garaikideei buruzko interesa agertu du eta, bere begiradaren bidez, hurbileneko jarduerak eta egungo praktika artistikoen mundu zabalean gertatzen dena uztartu ditu.  Berea lan kritikoa eta bitartekari-lana da, eta era horretan aukera eman die bere belaunaldiko eta geroko euskal artista ugariri esperientzia eta harreman berriak izateko; ondorioz, bere gogoetek eta ekarpenek belaunaldi baten mapa edo memoria-balioa dute.

Epaimahaia eta saria

Aditu talde batek osotzen du Gure Artea sarietako epaimahaia. Aurten Alicia Fernandezek, Pello Irazuk, Ion Munduatek, Mikel Onandiak eta Jone Alaitz Uriartek osatu dute epaimahaia. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria izango du Gure Artea saria jasotzeagatik.