Industria-politikari eta lehiari buruzko jardunaldia Euskadin, EU Industry Week 2021aren barruan

Argitalpen-data: 

Jardunaldian hauek hartu dute parte: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak; Javier Zarraonandia Industria sailburuordeak; eta Petronor eta Ingeteam enpresetako ordezkariak.

Industria-politikari eta lehiari buruzko jardunaldia Euskadin, EU Industry Week 2021aren barruan

Bilbon, 2021eko martxoaren 24an / Guggenheim Bilbao Museoko auditoriumak Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) antolatutako jardunaldia hartu du. Gaia: “Industria-politika eta lehiaren politika Euskadin, Europako Batzordearen jakinarazpenaren ondoren”, Europako Batzordearen EU Industry Week 2021en barruan.

Alba Urresolak azpimarratu duenez, “etengabe hitz egiten dugu gure enpresak lehiakorrak izateaz. Baina ezin dugu ahaztu lehiakortasuna izateko beharrezkoa dela merkatuetan lehia bermatzea. Eta hori ez bakarrik Europa edo nazioarte mailan, baita hemen ere, etxean, toki mailan”. Hitzaldian azpimarratu duenez, Europar Batasuneko kide diren estatu guztiei oso baliagarria gertatu zaie lehiaren arloko politika independente bat izatea, eta horrek berdintasun-baldintzak sortzen, berrikuntza bultzatzen eta kontsumitzaileei produktu eta zerbitzu gehiago eta prezio hobeak eskaintzen lagundu du. Lehiak enpresa hobeak izatea ahalbidetu du, eta nazioarteko merkatuetan kokatzeko beharrezkoa den lehiakortasun hori sortu du.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak azaldu duenez, “Euskadik industrian eta berrikuntzan oinarritutako eredu ekonomiko bat du, krisia gainditzeko jauzi kualitatibo hori emateko prest dagoena. Lehiakortasuna berreskuratzeko eta hobetzeko euskal ibilbide-orriak Basque Green Deal bat betetzea eskatzen du. Bertan, askotariko sektore-politikak batu behar dira, eta garapena eta jasangarritasuna eskutik joango diren jarduteko formula bat. Garapen jasangarriaren alde lan egiten dugu, eraldaketa global handiekin lerrokatuta, energetikoarekin, digitalarekin eta soziosanitarioarekin, besteak beste. Tapia sailburuak iragarri duenez, datorren asteartean, martxoaren 30ean, Euskadiren etorkizuneko garapen lehiakorrerako ezinbestekoa den Euskadi Digitalizatzeko 2025 Estrategia berria aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak.

Fernando Castillo de la Torre Europako Batzordeko Zerbitzu Juridikoko kideak azaldu du zein den gaur egun Europar Batasunean enpresen kontzentrazioei buruz dagoen eztabaida; izan ere, estatu kide jakin batzuen presioak daude, kasu batzuetan bat-egiteak baimentzeko baldintzak malgutzeko.

Jardunaldiaren bigarren zatian, Mikel Antonek, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendariak, eta Ruth Alvarez-Vinagrek, Europako Batzordeko Lehia Zuzendaritza Nagusiko Estatu Laguntzetako espezialistak, Estatu Laguntzen Aldi Baterako Esparrua eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa jorratu dituzte.

Hirugarren mahai batean, Javier Zarraonandia Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordeak, Eusko Jaurlaritzaren industria-estrategiari buruz hitz egin du, eta Euskadiko industria-ekosistemaren sendotasunari eta euskal industria-politikaren egungo erronkei erreparatu die, hala nola, murgilduta gauden trantsizioei, ekoizpen-prozesuaren dibertsifikazioari, enpresen finantza-berregituraketari, prestakuntza-profilen egokitzapenari eta pertsonen birkualifikazioari eta reshoring-aukerari.

José Ignacio Zudairek, Petronor S.A.-ko Pertsonak, Antolakuntza, Ekonomia eta Finantza zuzendariak, azaldu duenez, Petronorren erronka, batez ere petrolioz, erregai fosil batez elikatzen den, finketa-prozesurako energia gisa gas naturala eta elektrizitatea erabiltzen dituen eta, batez ere, gasolina eta gasolioa (erregai fosilak) sortzen dituen gaur egungo findegitik findegi jasangarrira igarotzea da. Horregatik hartzen du parte hidrogeno garbiaren aldeko Euskal Korridorean eta Europako Aliantzan.

Alex Belaustegi Ingeteam S.A.-ko Garapen Korporatiboko zuzendari eta gerenteak ere konpainiak hidrogenoaren alde egindako apustua eta nazioartean duen presentzia azpimarratu ditu. “Gure Plan Teknologikoak hidrogenoa, mugikortasuna, sare elektrikoa eta energia biltegiratzea ditu ardatz”, azaldu du. Next Generation funtsen aurrean duen posizionamendua ere azaldu du.  

Enara Venturini Lehiaren Euskal Agintaritzako kideak eman dio amaiera jardunaldiari, eta eskerrak eman dizkio Europako Batzordeari, Industry Week-en, industriari dagokionez Europan urtero egiten den ekitaldirik esanguratsuenaren, barruan jardunaldi hori antolatu duelako.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza, administrazio izaera duen erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikia, eta autonomia organikoa eta funtzionala du bere eginkizunak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Bere helburu orokorra merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduketa ekonomikoei dagokienez.