Iñaki Arrizabalaga, Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari berria

2021-02-16

Arrizabalagak 34 urtetik gorako esperientzia eta ibilbide luzea du Administrazioko zerbitzu orokorren kudeaketan

 

Iñaki Arrizabalaga Ormaetxea (Eibar, 1963) Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako zuzendari izendatu du gaur Gobernu Kontseiluak, Gotzone Sagardui sailburuak eskatuta.

Iñaki Arrizabalaga Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU). Arrizabalagak badaki Jaurlaritzaren egituraren eta etorkizunean beteko duen zuzendaritzaren eginkizunen berri. Izan ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzan egin du bere lanbide-jarduera aurreko zenbait legegintzalditan. Gainera, Herrizaingo Saileko kontratazioaren arduraduna ere izan da hamalau urtez.

Funtzio publikoan 34 urtetik gorako ibilbide profesionala duenez, balio handiko esperientzia dauka bere eginkizun berrietan jarduteko Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzaren buruan.

 

Gasteiz, 2021eko otsailaren 16a