Ikasiker, ikerketa lanetan laguntzeko beketarako deialdia (Gobernu Bilera 2021-6-22)

fotoconsejo.jpg

2021-06-22

  • 330.000 euroko zenbatekoarekin, 220 beka eskainiko ditu
  • Beka jaso duten ikasleek Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-taldeetan, BERCetan, Ikerketa Sanitarioko Institutuetan edo Ikerketa Kooperatiboko zentroetan eman ahal izango dute laguntza

Gobernu Kontseiluak,  Hezkuntza sailburuak proposatuta, ikerketa lanetan laguntzeko Ikasiker beketarako deia egiten duen Agindua onartu du gaurko bileran.

Ikasiker bekak unibertsitate ikasleei zuzenduak dira, ikasketekin aldi berean (2022ko urtarriletik  irailaren 30era bitartean) honako ikerketa talde hauetan laguntza emateko prest dauden ikasleentzat: Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroetan (BERC), Ikerketa Sanitarioko Institutuetan (ISI) edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa egiaztatutakoetan.

Programaren helburua da unibertsitate-ikasleek euskal ikerketa-sisteman egiten den oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arloko lanetan lehen urratsak egitea. Aurtengo deialdi honetan beka kopurua handitu egin da: A modalitatean 15 beka gehiago izango dira eta B modalitatean 5 gehiago.

330.000 euroko diru-kopuruarekin, 220 beka eskainiko dira, honako modalitate hauetan:

  • A modalitatea, ikasturtean zehar, 2022ko urtarriletik ekainera: 165 beka.
  • B modalitatea, udan, 2022ko ekainetik irailera: 55 beka

Beka hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek unibertsitateko graduko titulazio ofiziala lortzera bideratutako ikasketa-plan bateko azken bi urteetako batean matrikulatuta egon beharko dute, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean edo Estatuko unibertsitate batean. Bekaren onuradun izateko, Euskadin izan beharko dute administrazio-egoitza, eta lankidetza proiektu bat aurkeztu, lankidetza hori  gauzatu nahi den ikerketa zentroak behar bezala ziurtatua.