Idoia Mendiak aurreratu du arreta berezia eskainiko zaiela arrisku psikosozialei Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia berrian

JORNADA_RIESGOS_PSICOSOCIALES_2106231.jpg

2021-06-23

  • Gaur egindako jardunaldian azaldu da arrisku horiei eta, bereziki, laneko estresari buruzko Lan Ikuskaritzaren irizpidea, segurtasunaren eta osasunaren arloko arazo konplexu eta ohikoenetako bat baita

Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak gaur aurreratu du arrisku psikosozialei, eta horien artean, batez ere, laneko estresari, arreta berezia eskainiko zaiela legealdi honetako Osalanen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia berrian, “izan ere”, adierazi du, “osasuna eskubide integrala da, eta Gobernu baten arlo guztietatik zaindu behar dugu”.

Lan eta Enplegu Sailak arrisku psikosozialei buruzko online jardunaldi bat egin du gaur, eta, bereziki laneko estresaz hitz egin da, laneko segurtasun eta osasun arazo konplexu eta ohikoenetako bat baita.  Saioa prebentzio-zerbitzuei eta enpresei zuzenduta egin da, eta laneko arrisku horiek ebaluatzeko eta horien ondorio larriei, besteak beste, errendimendua gutxitzeari eta laneko ezbehar-kopuruari, aurrea hartzeko prebentzio-neurriak sartzeko interesa duten seiehun pertsonak parte hartu dute bertan, ezarritako aforoa osatuz.    

Jardunaldiaren hasieran egin duen esku-hartzean, Mendiak azpimarratu duenez “ez dago zalantzarik arrisku psikosozialak, eta, bereziki, laneko estresa, direla laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko arazorik konplexu eta ohikoenetako bat”. Alde horretatik, “oso eragin kaltegarriak dituzte langileen osasunean, baina baita enpresen funtzionamenduan ere, errendimendua gutxitzen baitute eta laneko ezbehar-kopurua areagotzen baitute”, adierazi du.

“Europako Batzordeak jada asumitu du printzipio hori, baina errealitate hori berez denok ezagutzen dugu, ez bakarrik prebentzioaren arloko adituok. Berez lanpostuetan bizi diren egoeretatik sortzen den ziurtasun sozial bat da”, erantsi du, eta “Lan Ikuskaritza eta Osalan bera jada ari dira esku hartzen arrisku horiek ezeztatzeko”, esan du.

Lehendakariordeak gogorarazi duenez, “legealdi honetan indartutako konpromiso zehatza da pertsona guztien osasuna eremu guztietan, eta, zehazki, lanarenean, bermatzea” eta, horretarako, “erabaki dugu osasuna bermatzea eta langileen eskubideak zaintzen dituen ikuskaritza izatea datorren hamarkadarako diseinatu dugun Enpleguaren Euskal Estrategiaren lehenengo bi gakoak”.  

Bestalde, adierazi duenez, faktore horiek “kapitulu espezifiko bat izango dute legealdi honetarako Osalanen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategian ere; izan ere, osasuna ez da aparteko kapitulua Gobernu baten jarduketetan, arlo guztietan zaindu behar dugun eskubide integrala baizik”.

Jardunaldian Manuel Velázquez izan da azalpenak ematen. Laneko Jazarpenaren Euskal Behatokiko kidea da, eta joan den apirilean onartu zen eta Laneko Ikuskaritzak jarraitzen duen 104/2021 Irizpide Teknikoaren, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak arrisku psikosozialen arloan egindako jarduerei buruzkoaren, sustatzaileetako bat da.

Lehendakariordeak azaldu duenez, “jarraibide horiek ez dituzte ezeztatzen aurretik laneko jazarpenari eta indarkeriari buruz zeudenak; horiei batu egiten zaizkie, oraindik ez baitago jazarpenari buruzko jurisprudentziarik”. Alde horretatik, gogoratu duenez, Auzitegi Gorenak “doktrina bateratu behar du beste organo jurisdikzional batzuen epaien aurrean, gai honetan subjektibitate elementuak baitaude”.