Ia 16.900 lagunek egingo dituzte bihartik aurrera HABEren euskarazko komunikagaitasun-mailak egiaztatzeko azterketak

Argitalpen-data: 

Irekia.jpg
  • Euskaltegietako ikasleentzako deialdiko azterketariak 10.700 izango dira eta deialdi irekikoak 6.200
  • Gasteizko Bakh zentroan, Barakaldoko BEC-en, Irungo FICOBAn eta Bartzelona eta Madrilgo Euskal Etxeetan egingo dira azterketak
  • Probak osasun-neurri guztiak betez egingo dira: antolatzaile zein azterketariek osasun-arduradunek emandako jarraibideak bete beharko dituzte

HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak euskara mailak egiaztatzeko azterketak egingo ditu bihar hasita. Guztira 16.831 lagunek egingo dituzte azterketak. Beste 513 pertsonak duela bi aste HOBE sistema erabilita azterketak ordenagailuz egin zituzten. Beraz, guztira,  17.344 pertsonak parte hartuko dute euskara mailak egiaztatzeko prozesuan, iaz baino ia 3.000 gehiagok. Proba guztiak osasun agintarien aholkuak jarraituz eta ikasleen eta prozesuan parte hartzen duten guztien osasuna zainduz eta segurtasun neurri guztiak bermatuz egingo dira. Azterketariek antolatzaileek zehaztutako prebentzio-jarraibideak eta norberaren higienerako neurriak bete beharko dituzte. Deialdi honek euskaltegietako ikasleen premiei erantzuten die eta etorkizun laburrean abian jarriko diren sektore publikoko lanpostuen eskaintzatan aurkeztuko diren herritarrei aukerak zabaltzea du helburu.

Araban Gasteizko Bakh zentroan (Buesa Arenan) egingo dira azterketak, Bizkaian Barakaldoko BEC-en eta Gipuzkoan Irungo FICOBAn. Bartzelonako Euskal Etxea Centre Cultural-en eta Madrilgo Euskal Etxean ere egingo dira azterketak. Jende gehien Bizkaiko hitzorduetan bilduko da, 9.045 lagun, FICOBAn 5.338 pertsona batuko dira, Buesa Arenan 2.384, Madrilen 44 eta Bartzelonan 20. Deialdi itxiko ikasleak, hau da euskaltegietako ikasleak, guztira 10.700 izango dira eta deialdi irekikoak 6.200.

Bihar, asteazkenean, goizeko 9etan hasita egingo dira B1 (erabiltzaile independentea), B2 (erabiltzaile aurreratua), C1 (erabiltzaile gaitua) eta C2 (erabiltzaile aditua) egiaztatzeko azterketak bai deialdi itxikoak eta baita deialdi irekikoak ere. Egunez egun honela antolatuko dira idazmen probetako azterketak:

  • Euskaltegietako ikasleentzako deialdia:
    • B1: maiatzaren 7an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
    • B2: maiatzaren 7an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
    • C1: maiatzaren 8an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
    • C2: maiatzaren 7an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Deialdi itxiko mintzamen-probak ekainean eta uztailean egingo dira. 

  • Deialdi irekia:
    • B1: maiatzaren 6an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta maiatzaren 8an Madrilen.
    • B2: maiatzaren 6an Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Bartzelonan eta maiatzaren 8an Madrilen.
    • C1: Maiatzaren 5ean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Bartzelonan eta maiatzaren 8an Madrilen.
    • C2: maiatzaren 6an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta maiatzaren 8an Madrilen.

Deialdi irekiko mintzamen probak ere ekainean eta uztailean egingo dira.

HOBE

HOBE (HABEren Ordenagailu Bidezko Egiaztatzegintza) sistema erabilita C1 eta C2 egiaztatzeko probak egin ziren duela bi aste BEC-en, Kursaal-en eta Bakh-en. Guztira 513 ikaslek aukeratu zuten azterketak egiteko bide elektronikoa. Gainditzen dutenek mintzamen-proba aurrez-aurreko ohiko eredua erabiliz egin beharko dute.

HABEk hiru deialdi-mota egiten ditu urtero: euskaltegietako ikasleentzakoa, irekia eta HOBE deialdia, ordenagailuz egin daitekeena. Deialdi bakoitzak bi azterketaldi ditu: udaberrikoa, lehena; eta udazkenekoa, bigarrena.