I"D arte, Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan izen-emateak irekitzear dira

2021-04-30

  • Plaza eskatzeko epea: maiatzaren 3tik ekainaren 13ra
  • Sarbide probetarako izen-ematea: maiatzaren 3tik 21era
  • I•D arte da Euskadin Goi-mailako Diseinu Ikasketa Artistikoak egiteko aukera eskaintzen duen zentro publiko bakarra

I•D arte, Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolak datorren astelehenean, maiatzak 3, irekiko ditu izen-emateko epeak, eskolan plaza eskatzeko zein sarbide probak egin ahal izateko. Datorren ikasturtean (2021-2022) ikastetxe honek eskaintzen dituen ikasketak burutzeko interesa duen pertsona orori zuzenduak dira epe eta proba hauek. I•D arte da Euskadin Goi-mailako Diseinu ikasketak egiteko aukera eskaintzen duen zentro bakarra, eta bertako Diseinu ikasketek unibertsitate graduen pareko titulazioa dute.

  • Eskolan plaza eskatzeko epea: maiatzak 3 – ekainak 13
  • Sarbide probetarako izen-ematea: maiatzak 3 – maiatzak 21

 

Sarbide probak

Irakaskuntza Artistikoak izaki, nahitaezkoa da sarbide probak egin eta gainditzea I•D arten ikasketak burutu ahal izateko. Sarrera probetatik salbuetsia izateko behar den titulazioa ez duen pertsona orok izena eman beharko du horretarako (maiatzak 21 azken eguna dela), eta plaza eskaera ere egin beharko du gainera, ekainaren 13a baino lehen.

Sarbide probetarako izen-ematea eta plaza eskaera egitea bi prozesu ezberdin dira. Biak bete behar dira. Sarrera proba egitetik salbuetsia izateko titulazioa duenak, plaza eskaera bakarrik egin beharko du, ordea.

  • Ikusi hemen Goi Mailako Prestakuntza Zikloen inguruko informazio guztia: sarbide probak, baldintzak, titulazioagatiko salbuespenak edo epeen inguruko xehetasun guztia.
  • Eta hemen ikus daiteke Diseinuko Goi Mailako Ikasketen inguruko informazio hori bera.

Sarbide probak maiatzaren 29an egingo dira, I•D arteren egungo egoitzan (Betoñuko ataria, 23 – Gasteiz)

 

I•D arte: ideiak, diseinua eta artea

I•D artek egoitza berria Betoñun du joan zen 2019-2020 ikasturtetik, estilo neogotikoko komentu izandakoan, baina bi hamarkadatik gorako ibilbidea egin du Arte Plastikoen eta Diseinuaren arloko ikasketak eskaintzen Gasteizen. “Ideiak, diseinua eta artea” kontzeptuak uztartzen ditu eskolak bere izenean, baina “ideiak, diseinua eta artea” ikastetxe hau hartzen duen eraikin bereziaren edozein txokotan ere ernetzen dira, ikasleek “do it yourself” filosofia gidari hartuta ikasten eta garatzen baitute hemen euren sormena (egizu zuk zeuk, edo eginaz ikastea).

I•D artek Goi Mailako Prestakuntza Zikloak zein Diseinuko Goi Mailako Ikasketak eskaintzen ditu. Orotara, bost titulazio ezberdin:

-Goi Mailako Prestakuntza Zikloak (2 urtekoak)

  • Argazkigintza
  • Ilustrazioa
  • Animazioa

-Diseinuko Goi Mailako Ikasketak, (4 urtekoak, unibertsitate graduen pareko titulazioa dute):

  • Diseinu grafikoa
  • Barne diseinua

Azken bi ikasketa hauen titulazioak (Diseinu Grafikoa eta Barne Diseinua) unibertsitate graduen parekide dira. Gainera, I•D arte da Euskadin Goi-mailako Diseinu Ikasketa Artistikoak egiteko aukera eskaintzen duen zentro publiko bakarra.

I•D artek duen hezkuntza-eskaintzaren inguruko informazio guztia, eta ikasketa horietarako sarbidearen inguruko xehetasunak, ikus eskolaren webgunean.