Hezkuntza Sailaren eta EUDELen arteko akordioa, ikastetxeetako garbiketa lanak finantzatzeko

2021-01-25

  • Hezkuntza Sailak 2,5 milioi euroko ezohiko funtsa sortu du, udalek Covid-19k ikastetxeetan eragindako garbiketa-gastu gehigarriei aurre egin diezaieten
  • Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen instalazioen titular diren 170 udalei zuzendua da laguntza

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuarekin bilera izan du gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Batzarrean, Hezkuntza Sailak sortu duen 2,5 milioi euroko aparteko funtsaren inguruko akordio instituzionala zehaztu dute bi arduradunek. Funts honen  xedea, EAEko udalak ikastetxeetan Covid-19ri aurre egiteko izaten ari diren garbiketa-gastu gehigarria ordaintzea da.

Akordio horren arabera, Hezkuntza Sailak 2.594.875 euroko funts honen bidez diruz lagunduko ditu udal-titulartasuneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten garbiketa-neurriak aplikatzearen ondorioz sortu diren gastu gehigarriak, 2020-2021 ikasturte honetan.

Gastu gehigarri horien artean sartzen dira garbiketako langileak kontratatzea eta lehendik daudenen ordu kopurua handitzea (langile propioak edo azpikontratatuak izan), bai eta garbiketa-produktuak erostea ere, baldin eta Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko neurriek hala eskatzen badute.

Guztira, euren titulartasuneko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako instalazio publikoak dituzten EAEko 170 udalek jasoko dituzte laguntza hauek.

Garbiketa-neurri gehigarriek udaletan sor dezaketen gainkostuaz jabetuta, Hezkuntza Sailak horiek finantzatzen laguntzen du, ezohiko laguntza hauen bidez. Zuzeneko dirulaguntza hauek aipatutako protokoloek eskatutako neurriak aplikatzearen ondoriozko garbiketa-gastu gehigarrien %60 finantzatzen dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldian eginak izan beharko dira. 

Bileraren ostean, Jokin Bildarratz sailburuak Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetza estuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, batez ere hezkuntza arloari dagokionez: "Pandemiak segurtasun eta higiene neurriak zorroztera behartzen gaitu arlo guztietan, baita hezkuntzan ere. Gure lehentasuna ikasleen eta langileen segurtasuna da, baina baita udalen eta familien lehentasuna ere. Jakitun gara hezkuntza-guneak intentsitate handiagoz garbitzeak erakundeei ahalegin ekonomikoa eskatzen diela, eta akordio honen bidez lan horretan lagundu nahi diegu, udalak egiten ari diren ahaleginari aitortza egitearekin batera”.

Bestalde, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak adierazi duenez, "alkateak kezkatuta gaude egoerarekin eta helburu komun bat dugu: gure bizilagunen osasuna babestea, udalerriko gune guztietan eta are gehiago ikastetxeetan. Udalok aparteko ahaleginak egiten ari gara, funts propioen bidez, Covid-19aren aurkako protokoloak aplikatzeko hezkuntza-jarduerarako udal-instalazioen garbiketan. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Bildarratz Sailburuari eta, hedaduraz, Eusko Jaurlaritzari, gure eskaria entzun eta aintzat hartzeagatik. Horixe da erakundeen arteko norabide bikoitzeko lankidetza-eredua, Herri gisa kohesionatzen gaituena eta euskal udalerri guztientzat defendatzen duguna”.

Covid-19aren aurkako protokoloak

Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturterako koronabirusaren aurrean jarduteko prestaturiko protokoloek, besteak beste, ikastetxeetan higiene eta garbitasun-neurriak zorrozteko eta indartzeko beharra azpimarratzen dute. Horren ondorioz, aipaturiko  protokoloak eta horietan jasotako neurriak behar bezala aplikatzeko, hezkuntza-instalazioen titular diren udalek garbiketako langileak kontratatu behar izan dituzte edo lehendik zeudenen ordu kopurua gehitu, Haur eta Lehen Hezkuntzako udal-titulartasuneko eraikinetarako.

Hezkuntza Sailak ikasturte honetarako aurrez aurreko hezkuntza-jardueraren aldeko apustua egin du, eta horixe da lehentasun nagusietako bat. Horregatik, eta ikasgelek gune seguruak izaten jarrai dezaten, ikasturte honetan erakusten ari diren bezala, garbiketa funtsezko elementua da ikastetxeetan.