Hezkuntza Sailak abian jarri du Eusle murgiltze-programa

2021-09-28

  • Lau ikastetxe publikotan pilotajea egin ondoren, Hezkuntza Sailak 28 ikastetxetan abiatu du programa
  • Hizkuntza-murgiltze programa da Eusle; Euskal Hezkuntza Sistemara iritsi berri diren ikasleei euskaraz beharrezko komunikazio-gaitasuna ematea du helburu, ondoren curriculumean aurrera egiten jarrai dezaten
  • Ikasleen ongizate emozionala zaintzea eta hauen inklusioa ere badira xede
  • Lehen Hezkuntzako 4, 5 eta 6 eta DBH-ko 1 eta 2 mailetako ikasleei zuzendua da; murgiltze-geletan hasiko dira hauek, oinarrizko komunikazio-gaitasunak lantzen

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Lucia Torrealday Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin batera, Hezkuntza Sailaren Eusle hizkuntza-murgiltze programa aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Aurreko bi ikasturteetan zehar lau ikastetxe publikotan pilotajea egin ondoren, orotara EAEko 28 ikastetxetara hedatu du Hezkuntza Sailak programa hau 2021-2022 ikasturte berrian.

Hizkuntza-murgiltze programa da Eusle, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1.eta 2. mailetan Euskal Hezkuntza Sistemara etorri berri diren ikasleei eskolako komunikazio-hizkuntza eskuratzeko prozesua errazteko asmoz sortua.

Helburu argi bat zuela jaio zen Eusle, eta helburu horri berari eutsiz hedatu da ikasturte honetan ere: ikasle etorri berriei euskaraz beharrezko komunikazio-gaitasuna ematea, eskola-eremuan harremanak izateko lehenik eta ondoren jakintza-arloetako hizkuntza eta komunikazio-trebetasunak ere bereganatu ditzaten. Ikasleen inklusioa eta hezkuntza-arrakasta ere erraztu egiten dira era honetan. Ikasleak Eusle programaren bidez hasierako komunikazio-gaitasuna lortuko du (A2), eta, ondoren, berariazko laguntza izango du curriculumean aurrera egiteko.

Baina, aipaturiko hizkuntza-helburu horrekin batera, Euslek arreta berezia ematen dio ikaslearen eta taldearen ongizate emozionala zaintzeari ere. Helburua ez da soilik ikasleak komunikazio-gaitasuna eta A2 maila lortzea; horrekin batera, ikaslea eskola-eremuan gustura, seguru eta motibatuta sentitzea ere bada asmoa.

Honetarako, Euslek irakasleen formazioan ere jartzen du azpimarra, giltzarria baita programaren helburua lortzeko. Eusle programak irakasleen formaziorako programa espezifiko bat dauka, eta profesional hauek Eusleren metodologia parte-hartzaileak eskatzen dituen estrategietan trebatuak izan dira.

Aurreko bi ikasturteetan Eusle programaren pilotajean parte hartu duten lau ikastetxe publikoei beste 24 gehitu zaizkie orain, eta guztira 28 dira ikasturte honetan.

Murgiltze-gelatik erreferentziazko gelara

Eusle programan parte hartzen duen ikasle etorri berriak erreferentziazko gela bat dauka (bere adin eta mailako ikasleen gela da). Baina aldi berean, murgiltze-gelako kide ere bada. Eusle gela deritzon gela honetan bilduko dira ikasle etorri berriak. Bertan, eta 5-10 ikasleko talde txikitan, modu sistematikoan komunikazioko oinarrizko hizkuntza lantzen dute. Komunikazio-hizkuntza ikasteko lan intentsibo eta espezifikoa izango da, erabileran oinarritua. Hala, murgiltze espazio hau espazio irekia da, funtzionamendu malgukoa, eta hizkuntzaren ikaskuntza sustatuko du. Ikasle etorri berriak hasierako mailan sartuko dira (A1). Maila horretarako aurreikusitako eduki guztiak landu ondoren, eta komunikazio-trebetasunak ebaluatzeko probak egin ondoren, A2 mailara sartzeko aukera izango du ikasleak.

Ikaslea bere erreferentziazko gelako jardueretan pixkanaka parte hartzen hastea proposatzen du Euslek, beti ere oinarrizko komunikazio-trebetasunak eskuratu ondoren. Horretarako, erreferentziazko gelako jarduera horiek modu praktikoan zein arlotan (gorputz-hezkuntza, plastika…) baliatu daitezkeen aztertu beharko da, ikaslea horietan parte hartzen has dadin. Hortxe du Euslek, hain zuzen ere, bere funtsezko printzipioetako bat: murgiltze-gela erreferentziazko gelarekin partekatzea.

Printzipio orokor gisa, Euslek 24 eta 36 hilabete arteko iraupena izango du. Programak, gainera, berariazko material didaktikoa ere badu garatua, dagoeneko pilotajea egin duten ikastetxeetan erabili eta probatu dena.

Ibilbide arrakastatsua egin eta nazioartean erreferente bihurtu diren murgiltze-ereduetan eta esperientzietan ipini zuen begirada Hezkuntza Sailak Eusle programaren diseinurako, Kanadan eta Katalunian batik bat, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatera eta euskararen egoerara ekarrita.

Pilotajeko esperientzia aberasgarria

Eusle programaren pilotajean parte hartu duten lau ikastetxeekin (bertako irakasle, ikasle zein zuzendaritza taldeekin) orain arteko esperientziaren balorazioa egin du Hezkuntza Sailak, eta oso emaitza positiboak jaso dira.

Batetik, egiaztatu ahal izan da Eusle taldeetan ikasketarako giro positiboak eta kohesionatzaileak sortu direla. Kohesio horri esker, ikasleen artean lasaitasuna eta ziurtasuna somatu dira erreferentziazko gelara jauzi egin dutenean. Horrela, zailtasun handirik gabe egin dute bat ikasle hauek euren erreferentziazko taldearekin.

Bestalde, nabarmen ikusi da murgiltze gelaren bitartez ikasle etorri berriak A2 maila lortzeko helburu horretara askoz era eraginkorragoan eta lehenago iristen direla. Programaren metodologiari eta sistematizazioari dagokienez ere –berariaz sortutako material didaktikoarekin-, balorazioa positiboa izan da: egokiak eta baliagarriak gertatu dira, bai metodologia eta bai materiala, programak dituen helburuetarako eta ikasleen profilerako.

Aurrerago, datorren urtetik aurrera, Eusle programaren ebaluazioan unibertsitateek ere parte hartuko dute, Hezkuntza Sailarekin batera. Pauso berri honek, etorkizuneko irakasleen hasierako formazioa elikatzeko aukera ematen du, murgiltze-ereduen inguruko formazioa unibertsitateetan dauden etorkizuneko irakasleei helaraziz.