Hezkuntza Sailak 42 milioi euro bideratu ditu bikaintasuneko ikerketa bultzatzeko

2021-09-24

  • Zenbateko hori % 20 handitu da aurreko aldiarekin alderatuta
  • Aurreko deialdiaren bidez 170 ikerketa talde finantzatu ziren, eta deialdi honetan 200 talde inguru finantzatu nahi dira
  • 000 profesionalek, gutxi gorabehera, lan egingo dute deialdiaren finantzaketa lortzen duten bikaintasuneko ikerketa-taldeekin lotuta

Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Amaia Esquisabel Ikerketako zuzendariak Hezkuntza Sailaren deialdia aurkeztu dute gaur goizean Donostian. Deialdi horren helburua da Euskal Unibertsitate Sistemako  bikaintasuneko ikerketa-taldeek datozen lau urteetan (2022-2025) egingo dituzten jarduerak babestea.

Gaur aurkeztu den deialdiaren bidez, emaitzarik onenak dituzten bikaintasun-taldeen ikerketa-jarduerak sustatu eta erraztu nahi dira, talde horiek egiten duten ikerketaren kalitate zientifikoa, eragin soziala eta nazioarteko ikusgaitasuna handiagoa izan dadin.

% 20ko gehikuntza

Lau urterako diru-laguntzen programa honek 42 milioi euroko zenbatekoa du 2022-2025 aldirako, hau da, aurreko lau urteetako zenbatekoa baino % 20 handiagoa. Aurreko aldian, programa horren bidez 170 ikerketa-taldek jaso zuten finantzaketa, eta Hezkuntza Sailak datozen 4 urteetan gutxienez 200 talde finantzatu nahi ditu.

Aipatzekoa da finantzatutako taldeen hazkundeak eragin zuzena duela proiektuetan parte hartuko duten zientzialarien kopuruan. Azken urteetan, 2.500 profesionalek, gutxi gorabehera, lan egin dute finantzatutako 170 taldeekin lotuta, eta hurrengo lau urteetan 3.000 zientzialari izatera irits liteke.

Jakintza-arloak

Hezkuntza Sailaren programa honek babesten dituen ikerketa-programak jakintza-arlo guztietakoak dira: artea eta giza zientziak; zientzia esperimentalak; osasun-zientziak; gizarte-zientziak eta zientzia juridikoak; eta ingeniaritza eta arkitektura. Deialdian jarriko diren 42 milioi euroak honela banatuko dira jakintza-arlo horien artean:

Artea eta giza zientziak

3.280.000 euro

Zientzia esperimentalak

16.800.000 euro

Osasun-zientziak

6.720.000 euro

Gizarte-zientziak eta Zientzia juridikoak

6.380.000 euro

Ingeniaritza eta Arkitektura

8.820.000 euro

Aurreko deialdian produkzio zientifikoko helburuak eta gastu-helburuak betetzearekin lotzen da banaketa hori.

Ebaluazioa

Finantzaketa jasoko badute, ikerketa-taldeek ebaluazio positibo bat gainditu behar dute. Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak beteko du lehen aldiz egiteko hori. Ebaluazio hori egitean, Unibasq agentziak alderdi hauek, besteak beste, hartuko ditu kontuan: I+G+b arloko lanen kalitatea, taldearen produktibitate zientifikoa, egindako prestakuntza-jarduerak, proposatutako helburuen izaera berritzailea, eta datozen lau urteetarako jardueren bikaintasuna eta ikusgaitasuna.

Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak jauzi kualitatiboa egin du bere eskumenen garapenean, Euskal Unibertsitate Sistemako ikerketa-jardueraren kalitatea ebaluatzeari dagokionez. European Association for Quality Assurance in Higher Education (ENQUA) erakundeak Unibasq agentzia kalitate-agentzia gisa aitortu izanak ziurtatzen du deialdi honen ebaluazioak Europako estandarretan oinarritutako kalitatea duela.

Gastu aukeragarriak

Diru-laguntza horien onuradun diren ikerketa-taldeek langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak finantzatzeko erabil ditzakete laguntzak, kontratatutakoak doktore titulua duten ikertzaileak izan, prestatzen ari diren ikertzaileak izan edo ikerketan laguntzeko langileak izan.

Era berean, ekipamendu zientifiko txikien edo material bibliografikoaren erosketa finantza daiteke, baita ikerketa-taldearen jarduera-programa egikaritzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk ere (material suntsikorra, ikerketa-taldea nazioartekotzeko jarduerak, prestakuntza-jarduerak, ikerketa hedatzeko jarduerak, espedizioak edo landa-lanak…), betiere proposatutako ikerketa-helburuekin zerikusia badute.

Finantzaketa honela banatzen da, oro har, atalen arabera: finantzaketaren % 45 ikerketa-jarduerarako giza baliabideak erakartzeko, % 15 azpiegitura zientifikoetarako eta % 40 beste gastu batzuetarako.

Inbertsio iraunkorra

Euskal unibertsitate-sistemako bikaintasuneko ikerketa-taldeak finantzatzeko seigarren deialdia da hau. Lehenengo edizioa 2007an egin zen, eta hamalau urte hauetan Hezkuntza Sailak 121,7 milioi euroko inbertsio metatua egin du deialdietan. Hezkuntza Sailak deialdi honetan egin du euskal unibertsitate-sistemako bikaintasuneko ikerketa-taldeak finantzatzeko orain arte egindako inbertsiorik handiena. Hala, bultzada handia eman dio jakintza zientifikoa sortzeko inbertsioari, eta, azken batean, Euskadik munduko bikaintasuneko zientziari egiten dion ekarpenari, betiere 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean ezarritako helburuen arabera.

Baliabide ekonomikoen hazkunde nabarmen horri esker, 2030era arte metatutako inbertsio globala 200 milioi eurotik gorakoa izateko oinarriak finkatu dira.

Emakumea eta taldeen segida

Deialdi honetan aurrerapauso bat egin da ikerketa talde hauetan emakumeen lidergo zientifikoa balioztatzeko garaian. Deialdi honetan, lehiakortasun-maila handia dago talde eskatzaileen artean, eta puntuazio-tarte oso txikiak daude ebaluazioen artean. Hori dela eta, emakume ikertzaileen lidergoa duten taldeei ematen zaien balio gehigarriak bultzada berezia ematen dio haien lanaren aitorpenari.

Horrez gain, deialdi honen lehentasunetako bat da finantzatutako ikerketa-jardueraren jarraitutasuna bermatzea eta ikerketa-taldeen lidergoan belaunaldi-erreleboa bultzatzea. Ildo horretatik, deialdi honetan, lehenengo aldiz ahalbidetu eta eragin da baterako zuzendaritza zientifikoa, eta, baterako zuzendaritza horren bidez, ikerketak aurrera jarraitzea eta belaunaldien arteko erreleboa gertatzea bultzatu nahi da.