Hezkuntza Sailak 2,2 milioi euro bideratu ditu unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programetarako (Gobernu Bilera 2021-10-5)

fotoconsejo.jpg

2021-10-05

  • 2020-2021 ikasturtean, nazioarteko mugikortasunerako 1.160 laguntza eman ziren Euskadin
  • Hezkuntza Sailak 350.000 euroan handitu du deialdi honetarako diru-kopurua, mugikortasun-programetan parte hartuko duten ikasleen kopurua handituko dela aurreikusita

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du 2021-2022 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta Goi-mailako Arte eta Kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindua.

Dirulaguntza deialdi honek 2.200.000 euroko zenbatekoa du 2021-2022 ikasturterako. Aurreko ikasturteekin alderatuta, Hezkuntza Sailak 350.000 euroan handitu du deialdi honetarako partida. Izan ere, unibertsitateek mugikortasun-programetan parte hartuko duten ikasleen kopurua %20an hazi daitekeela aurreikusten dute.

Europako Batasunak Erasmus+ programako mugikortasunetarako egiten dituen diru-ekarpenena ez da nahikoa kostuen %100 finantzatzeko; beraz, finantzaketa zabaltzea beharrezko gertatzen da deialdi honen bidez. Era berean, unibertsitate-mugikortasunetako zenbait Erasmus+ programan sartuta ez dauden destinoetara egiten da; horrela bada, horiek ez dituzte Europako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan parte hertzen duten pertsonak finantzatu beharra ere agerian geratzen da.

Nazioarteko mugikortasun programetan parte-hartzeak goi-mailako ikasleen formaziorako duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza Sailak  aipatutako marko hori zabaltzen du, deialdi honen bidez. Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantzazioa hobetzea da azken helburua.

Deialdi honek jasotzen duen diru-kopuru osoa (2.200.000€), beraz, era honetan banatua gelditzen da:

  • 660.000 euro, SEPIE estatu erakundeak (Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua) emandako laguntzak osatzeko
  • 1.540.000 euro, estatuko erakunde horren laguntzarik gabe egiten diren egonaldietarako

Dirulaguntza horiek eskatuko dituzten erakundeak, ikasturte honetarako nazioarteko mugikortasun-programak dituzten unibertsitateak edo Goi-mailako Arte eta Kirol irakaskuntzen ikastetxeak izango dira; dirulaguntzen azken onuradunak, berriz, mugikortasun-programa horietan parte hartzen duten ikasleak, betiere EAEko udalerriren batean administrazio-egoitza dutenak. Ikasle horiek graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo unibertsitate-masterra lortzeko ikasketak egiten, zein Goi-mailako Arte edo Kirol irakaskuntzak burutzen egon beharko dute 2021-2022 ikasturtean.

Joan den 2020-2021 ikasturtean nazioarteko mugikortasunerako 1.160 laguntza eman zituen Hezkuntza Sailak Euskadin, deialdi honen bidez.