Hezkuntza Sailak 15 milioi euro bideratu ditu itunpeko ikastetxeetan hezkuntza-laguntzako espezialistak kontratatzeko (Gobernu Bilera 2021-09-28)

logoconsejo.jpg

2021-09-28

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen autonomiarekin eta curriculumerako irisgarritasunarekin zerikusia duten funtzioak dituzte profesional hauek

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, hezkuntza-premia bereziak dauzkaten ikasleak eskolaratzen dituzten itunpeko ikastetxeei dirulaguntza zuzenak ematea. Laguntza hauen xedea da 2021-2022 ikasturtean Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeak eragindako gastuak finantzatzea. Profesional hauen kontratazioa, hezkuntza-premia bereziko ikasleak gela arruntetan edo zereginak ikasteko geletan eskolatuta daudelako egiten da, behar bereziak  dituzten ikasle horiei arreta eskaintzeko helburuz. 

2021-22 ikasturtean kontratazio-gastu horiek ordaintzeko 15.023.114,33 euro bideratuko ditu orotara Hezkuntza Sailak, honela banatuta:

  • 2021eko iraila-abendua aldirako: 3.755.778,85 euro
  • 2022ko urtarrila-abuztua aldirako: 11.267.335,48 euro

Dirulaguntza hauen helburua da, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak integratzeko programa gehiago garatzea; horretarako, itunpeko ikastetxeei Hezkuntza-laguntzako Espezialistak kontratatzeko laguntzak emango zaizkie. 

Autonomia eta curriculumerako irisgarritasuna

Espezialista hauek hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen autonomiarekin eta curriculumerako irisgarritasunarekin lotutako zereginak dituzte, eta, horretarako, hezkuntza-arloan duten lanbide-gaitasuna ematen dute (ez dira irakasle), erreferentziazko Berritzeguneko aholkularitzekin lankidetzan. 

Laguntza jaso dezaketen hezkuntza-premia bereziak curriculumerako sarbiderako eta honako egokitzapen-trebetasun hauekin erlazionatutako gaitasunetarako dira: norberaren zaintza; jokaera eta komunikazioa; trebetasun motorrak; komunitatearen erabilera; eta osasuna eta segurtasuna. 

Hezkuntza Sailak konpromiso irmoa du hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen inklusioarekin. Desgaitasun psikikoa, fisikoa, sentsoriala edo jokabide-nahasmendu larria duten haurrek eta gazteek etxetik hurbil dagoen hezkuntza-ingurune batean egoteko eta, batez ere, bertan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, ezinbestekoa da ikastetxeek profesional espezializatuak izatea. Horien artean, Hezkuntza-laguntzako Espezialistak izan behar dituzte, desgaitasunen bat duten ikasleen autonomiarekin eta irisgarritasunarekin lotutako hezkuntza-arloko esku-hartzean espezializatuak. 

Beraz, laguntza hauek bitartekoak ematen dituzte itunpeko ikastetxeetan ere ikasteko eta parte hartzeko edozein oztopo ezabatu ahal izateko. Horrela, kalitateko hezkuntza-erantzun egokia, haien premiei egokitua eta ohiko ingurunean, bermatu ahal izango zaie elbarritasun psikiko edo nahaste autista batengatik autonomiarekin mugitzeko muga inportanteak dituzten ikasleei. 

Gorago adierazitako zenbateko ekonomikoa (15 milioi euro) 2021-2022 ikasturtean baliabide hori behar duten itunpeko 209 ikastetxetan lanaldi osoko 605 Hezkuntza-laguntzako Espezialista kontratatzeko egindako kalkuluari dagokio, betiere ikastetxe horietan inskribatutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kopurua aintzat hartuta. 

Kontratu berriko Hezkuntza-laguntzako Espezialistek bi titulazio hauetako edozein (edo baliokideak) izan beharko dute: Gizarteratzeko Goi-mailako Teknikaria edo Haur Hezkuntzako Goi-mailako Teknikaria. Gainera, zerbitzuak ematen dituen ikastetxeko hizkuntza-ereduaren edo ereduen araberako hizkuntza-eskakizuna izan beharko dute. 

Dirulaguntza hauek jasotzeko eskubidea Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe pribatuen titularrek izango dute, baldin eta 2021-2022 ikasturtean itundutako unitateak badituzte; betiere, Berritzeguneko aholkularien diagnostikoz hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak hartzen dituzten ikastetxeak izango dira, ikasle horiek normaltasunez integratzea eta eskolako jardueretan –eskola orduetan- hauen parte hartzea errazteko laguntzaileen beharra dutenak.