Hezkuntza Sailak 10,5 milioi euro bideratuko ditu udal titulartasuneko ikastetxeetan hobekuntzak egiteko, "Udalaguntza 2021" deialdiaren bidez

2021-08-03

  • Euskadiko udalei zuzentzen zaien Udalaguntza deialdiaren bidez 415 jarduera finantzatu zituen iaz Hezkuntza Sailak, udal-jabetzako eraikinetan kokaturik dauden 208 ikastetxetan
  • 2021eko deialdiak ere barne hartzen du, iaz bezala, ikastetxe publikoetako jolastokietan karpak ezartzeko gastua %90ean finantzatzea, Covid-19ren eraginez

Hezkuntza Sailak Euskadiko udalerriekin elkarlan estuan aritzearen aldeko apustuari eusten dio, udal-jabetzako eraikinetan hobekuntza lanak egiteko unean. Horregatik, 2021eko Udalaguntza deialdiaren diru-kopurua 10,5 milioi euroko kopururaino handitu du, aipaturiko hobekuntza lanen finantzazioa bermatzeko. Gainera, bigarren urtez jarraian, deialdiak barne hartuko du ikastetxe publikoetako jolastokietan karpak ezartzeak eragindako gastuen finantzazioa ere (%90eko finantzazioa), Covi-19ren eraginez.

Udalerriei zuzenduriko deialdia izaki, udal-titulartasuneko eraikinetan kokatuta dauden ikastetxe publikoetan hobekuntza lanak egiteko proiektuak finantzatzeko laguntzak ematen ditu Udalaguntzak. Batik bat, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak izan ohi dira.

Eskola-Instalazioak egokitzea

Udalaguntza-2021 deialdian parte hartu nahi dioten udalek gorago aipatutako ezaugarriak dituzten ikastetxeetan burutu beharreko lanen proiektuak  aurkeztu beharko dituzte. Deialdi honen bidez finantzatu daitezkeen obrak 2021eko urtarrilaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta 2022ko abenduaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen dirulaguntza balorazio batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, balorazio batzordeak onartutako  600.000  euro  baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei dirulaguntza ematen bazaie, muga hori kontuan hartuta egingo da.

Udalaguntza deialdiaren bidez laguntzen diren lanak, ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu-konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Nola nahi, ez dira deialdi honen bidez finantzatzen lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Karpak eskola-esparruan

Ikastetxeetan karpak instalatzeko gastuak ere finantzatuko dira 2021eko Udalaguntza deialdiaren bidez, baldin eta Covid-19ren ondoriozko beharretan justifikatutakoak badira. Karpa jabetzan zein alokairuan hartua izan daiteke. Karpa patioetan edo eskola-esparruko espazio libreetan instalatu beharko da. Kasu horretan, Hezkuntza Sailaren dirulaguntzak balorazio batzordeak onartutako aurrekontuaren %90 finantzatuko du, Udalaguntzaren bidez finantzatutako gainerako jardueretan ohikoa den % 60aren ordez.

Joan zen 2020-2021 ikasturtean, Hezkuntza Sailak 100 karpa pasatxo ezartzea finantzatu zuen ikastetxe publikoetan, 2020ko Udalaguntza deialdiaren bidez.

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2020) 415 jarduketa finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, karpen instalazioa barne, Euskadiko 113 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 208 ikastetxe publikotan.