Gobernu Kontseiluak legeak eta dekretuak egiteko baldintzak arautzen dituen lege proiektua onartu du (Gobernu Bilera 2021-3-23)

fotoconsejo.jpg

2021-03-23

  • Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren etorkizuneko Legeak araudia egiteko prozedura arindu eta sinplifikatu egiten du
  • Herritarren parte-hartzearen eta gardentasunaren behar eta eskakizun berrietara egokitzen da, eta genero ikuspegiaren azterketa indartzen du legeak egitean

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren Lege Proiektua, Eusko Jaurlaritzak bere lege eta dekretuak egiteko bete behar dituen fase eta baldintza guztiak arautzeko bidea. 2003koa den aurreko Legea eguneratu nahi du, prozedura premia berrietara eta parte-hartzearen, eraginen ebaluazioaren eta gardentasunaren eskakizunetara egokitzeko. 

Eusko Legebiltzarrera igorriko den etorkizuneko arauak berrikusi egiten du xedapen orokorrak egiteko prozedura, xedapenei zorroztasun eta kalitate berme handiagoa emateko. Horrela, efizienteagoa eta eraginkorragoa izango da eta Administrazioa modernizatzen lagunduko du, izapideak konzentratuz, karga burokratikoak murriztuz eta bitarteko elektronikoak bultzatuz. 

Xedapen orokorrak egiteak garrantzi handia du, esku-hartze publikoak gizarte bizitzaren esparru guztietan eragindako arau-ugaritasunagatik eta gizarte egoera eta harreman guztietan eragina duten konplexutasunagatik. Botere publikoen parte-hartzearen, gobernantza onaren, gardentasunaren eta ebaluazioaren eskakizunak gero eta handiagoak dira, eta gero eta eragin handiagoa dute administrazioaren esparru guztietan. Egitasmo honekin arintasuna eta koherentzia indartzen dira arau prozeduretan. 

Ekimen honek legeak eta dekretuak egiteko prozedura sinplifikatzea eta laburtzea du xede. Horretarako, zenbait fase ezartzen ditu, epe tasatuekin, araua egiteko beharrezkoak diren izapideetarako, betiere kalitateari eta berme juridikoei eutsiz eta, gainera, fase bakoitzean egin beharreko urratsak zehazten dira.   

Lege honek, halaber, aurrerapauso kualitatiboa ekarriko du emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasun politiketan. Indartu egiten du genero ikuspegiaren azterketa eta neurri zuzentzaileak aurreikusten ditu Eusko Jaurlaritzak legeak eta dekretuak egiteko prozeduran. 

Ekimenak arauak egiteko prozedura modernizatzen du, gaur egun indarrean dauden gobernantza onaren balioei erantzuten baitie eta plangintza, herritarren partaidetza eta digitalizazio premiekin bat egiten du. Ildo horretan, etorkizuneko lege honek arauen eta dekretuen izapidetze erabat digitala egiteko betebeharra jasotzen du, eta gardentasunez azaldu beharra bermatzen du. Azkenik, herritarrei kontsulta egiteko epe bat irekitzera behartzen du, Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialaren bidez. Xedapen arau-emaileen idazketa eta izapidetze elebidunari buruzko aurreikuspenak ere jasotzen ditu, bai eta Aldizkari Ofizialean argitaratzeari eta hark finkatutako testuak egiteari buruzkoak ere. 

Etorkizuneko legeak zioen azalpen, 28 artikulu -bi kapitulutan bilduta- xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu. Eusko Jaurlaritza lege hori aurrera ateratzen saiatu zen aurreko legealdian, baina helburu horrekin egindako lan parlamentarioak bertan behera geratu ziren, 2020ko otsailaren 11n Eusko Legebiltzarra desegin baitzen.