Gobernu Kontseiluak ez du beharrezkotzat jotzen Ikus-entzunezko Euskal Kontseilua sortzeko lege-proposamena (Gobernu Bilera 2021-6-15)

fotoconsejo.jpg

2021-06-15

  •  Eusko Jaurlaritzak uste du dauden organo eta foroek betetzen dituztela EH Bilduk proposatzen duen erakundearen helburuak eta funtzioak 

Eusko Jaurlaritza ez dago ados Ikus-entzunezko Euskal Kontseilua sortzeko EH Bildu legebiltzar taldeak aurkeztutako lege proposamenarekin eta, ondorioz, aintzat hartzearen aurkako irizpidea adierazi du. Jaurlaritzaren irudiko, proposamenean planteatutako gaiak dagoeneko existitzen diren eta behar bezala funtzionatzen duten beste organo eta foro batzuek bideratu eta kudeatzen dituzte. Horregatik baztertu egiten du lege proposamena izapidetzea eta onartzea, egokitasun, efizientzia eta proportzionaltasun irizpideen arabera.

Gaur Gasteizen egindako Gobernu Kontseiluak atzera bota du lege-proposamena, uste baitu indarrean dauden egiturak eta bideak eraginkorrak direla eta ekimenaren helburuak betetzen dituztela. Ildo horretan, honako hauek aipatu ditu: EITB, Gizarte Hedabideen Zerbitzua (Kultura eta Hizkuntza Politika Sailekoa), Begira Batzordea (Emakunde-ri atxikia), Herritar Etorkinen Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroa eta ZAS sarea.

Euskal Irrati Telebistaren kasuan, hedabide publiko horren jarraipenerako eta kontrolerako hiru foro daudela azpimarratu du Jaurlaritzak: Administrazio Kontseilua, Eusko Legebiltzareko EITBren Kontrol Batzordea eta Programa Kontratuaren Jarraipen Batzordea. Bestalde, Gizarte Hedabideen Zerbitzuak irrati eta telebistako lizentzien izapidetzea eta esleipena, zehapen prozedurak edo ikus-entzunezko komunikazio emaileen erregistroa kudeatzen ditu, besteak beste. Gainera, nabarmendu du Begira Batzordea komunikazio eta publizitate ez-sexistarako aholkularitzaz eta kontrolaz arduratzen dela. Eta, azkenik, Integrazio eta Partaidetza Sozialerako Foroak eta Zurrumurruen Aurkako Sareak (ZAS) komunikabideetan arrazismoa eta xenofobia prebenitzearekin eta desagerraraztearekin zerikusia duen guztian jarduten dutela gogorarazi du.

Gobernu Kontseiluak nabarmendu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak bere araubide juridiko propioa du ikus-entzunezko komunikabideen arloan, honako hauen barruan: Gernikako Estatutuaren 19. Artikulua; EITB sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 Legea; telebista operadoreek film luzeak eta film labur zinematografikoak eta telebistarako filmak finantzatzeko emisio eta inbertsio betebeharrei buruzko azaroaren 27ko 215/2007 Dekretua; eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko azaroaren 8ko 231/2011 Dekretua.

Esparru horretan, Euskadin komunikabide sozialen ekosistema propioa garatu da, publikoak zein pribatuak, irabazi asmorik gabeak, askotarikoa, plurala eta elebiduna, euskal hedabideez eta autonomia erkidego honetan presentzia duten estatu eremuko hedabideez osatua.