Gobernu Kontseiluak euskal Kasazio Zibileko Errekurtsoaren Lege Proiektua onartu du bide horretatik auzitegietara jotzeko kasuak zabaltzeko (Gobernu Bilera 2021-1-6)

fotoconsejo.jpg

2021-06-01

  • Ekimenak kendu egiten du prozesuaren gutxieneko zenbateko ekonomikoa, 600.000 eurokoa, kasazio gai bat epaitu ahal izateko eta kasazio interesaren kontzeptua handitzen du
  • Kopuru ekonomiko handia dela eta, euskal zuzenbide zibilari lotutako oso kasu gutxi iristen dira Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira, 30 epai pasatxo 1989tik 

Gobernu Kontseiluak euskal Kasazio Zibileko Errekurtsoaren Lege Proiektua onartu du gaur eta honi esker eztabaida judizialek euskal zuzenbide zibilari eragiten diotenean justizia auzitegietan kasazio errekurtsoa jar daitekeen kasuak arautuko da. Ekimenak kasazio errekurtsoa jartzeko kasuak zabaldu nahi ditu eta, horretarako, kasazio auzi bat epaitu ahal izateko ‘gutxieneko diru kopurua’ kendu du. Halaber, kasazio interesaren edukiera zabaltzen du, hau ere erabakigarria baita kasazio bidetik jo ahal izateko. 

Gaur gaurkoz kasazio errekurtsoa jartzeko gutxieneko zenbatekoa 600.000 eurokoa da. Kopuru honetara iritsi ezinda hainbat kasu kanpoan geratzen dira eta, ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira iristen diren kasuak urriak dira. Izan ere, 1989an sortu zenetik, euskal auzitegi horrek -Zuzenbide Zibilari buruzko aretoak- 30 epai inguru baino ez ditu eman kasazioan. Hain eskarmentu urriak ez du uzten euskal zuzenbide zibilari buruzko doktrina bateratu bat osatzen. Kontuan hartu behar da euskal auzitegi nagusiari dagokiola doktrinaren funtzio bateratzailea. 

Madariaga Dorretxean, Busturian, gaur egin den asteroko bileran Gobernu Kontseiluak onartutako lege proiektuak kasaziora iristen diren kasuak areagotzea du helburu. Horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak gisa honetako epai gehiago izango ditu eta, horrenbestez, bere korpus jurisprudentziala handituko du, eta bere doktrina aberastu. 

Ildo beretik, kasazio interesa deiturikoa ematen dela interpreta daitekeen kasuak zabaldu egin dira, gaur egun kontzeptu estuegia baita. Honenbestez, sinplifikatu eta argitzeak kasazio bidean kasu gehiago sortzea ekarriko du. Orain arte, Euskadin Prozedura Zibilaren Estatuko legeak arautzen du kasazio errekurtsoa. Euskal kasazio zibila Estatuko esparruaren eskakizunen mende egoteak errotze eta gatazka sozial handiko kasu asko saihestu ditu kasazio epaiketatik. 

Lege proiektuak helburu modernizatzaile nabarmena du eta egungo gizarte errealitatera egokitu nahi du, besteak beste sortu berri diren gai eta errealitate berriak hobeto aztertu eta tratatzeko, beti ere euskal zuzenbide zibilean betiko kontuez arduratzeari utzi gabe, hala nola gurasoen arteko harremanekin edo familia zuzenbideko harremanekin, testamentu eta ondorengotzekin, ezkontzako ekonomia araubidearekin,  landa-lurren arrentamenduak, herri lurren erabilera eta sozietate tradizionalen, kofradien edo fundazio pribatuen araubidea. 

Eusko Jaurlaritzaren ustez, lege proiektu tekniko eta konplexua da, eta beharrezkoa da euskal zuzenbide zibila aberasteko eta hobetzeko. Galiziak, Kataluniak eta Aragoik badute araudi hori beren lege autonomikoetan. Gernikako Estatutuaren 14.1 artikuluan dago jasota Euskadik kasazio errekurtsoa arautzeko duen eskumena. Gainera, Konstituzioak gai horretan Euskadi gaitzen du 149.1,6. artikuluan autonomia erkidegoen zuzenbide substantiboaren berezitasunak aipatzen dituenean. 

Kasazio errekurtsoa ezohiko errekurtso bat da, prozesu judizial batean sartuta dauden alderdiek ebazpen judizialen aurka jar dezaketena bai legearen interpretazio edo aplikazio okerra duelako, bai prozedura irregularrari jarraituz eman delako. Euskal zuzenbide zibilarekin zerikusia duten gaietan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzia auzitegien ebazpenen edo epaien aurka kasazio errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusian. Auzitegi horrek sala bat du gai horri buruz: arlo Zibileko eta Zigor arloko aretoa. Prozedura Zibilaren Estatuko Legeak arautzen ditu kasazio errekurtsoak. Gaur Gobernu Kontseiluan aurkeztutako lege proiektuak kasazio errekurtsoa bidezkoa den kasuak handitu nahi ditu.