Gobernu Kontseiluak Espainiako Gobernuarekin sinatu beharreko hitzarmena onartu du, Covid-19ak eragindako sektoreentzako zuzeneko laguntzak kudeatzeko (Gobernu Bilera 2021-5-18)

fotoconsejo.jpg

2021-05-18

Gobernu Kontseiluak astearte honetan onartu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, María Jesús Montero Ogasun ministroak eta Estatuko Zerga Agentziak sinatu beharreko hitzarmena, COVID-19ak eragindako sektoreei bideratutako 218 milioi euroko laguntza zuzenak kudeatzeko; laguntza hauek enpresa-kaudimena babesteko ezohiko neurrien barruan sartzen dira. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak aste honetan bertan sinatuko du akordioa, ekainean laguntzen deialdi publikoa egin ahal izateko.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritza laguntzen deialdiaren testua lantzen ari da. Bertan, martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuan jasotako EJSN jarduerez gain (jarduera ekonomikoak), jarduera ekonomiko berriak ere sartuko dira, eta horiek ere laguntzak jaso ahal izango dituzte pandemiak euren egoera ekonomikoan izan duen eraginaren arabera; halaber, indarrean dagoen aurrekontu propioko baliabideak jarriko ditu, eragindako sektoreei zuzeneko laguntzak handitzeko. Igoera horren balorazio ekonomikoa zehazteke dago oraindik, eta laguntzen deialdia ekainaren amaieran abiaraztea aurreikusi da


Alderdi sinatzaileen arteko informazio-trukea, emandako datuen kontrola eta segurtasuna eta EAEko zerga-berezitasunak funtsezko alderdiak dira, eta bi exekutiboen artean adostu dira sinatu beharreko behin betiko testua adostu ahal izateko.
Diru-laguntza zuzen horiek finalistak izango dira, eta zorra ordaintzeko eta hornitzaileei eta beste hartzekodun batzuei, finantzarioei zein ez-finantzarioei, ordainketak egiteko erabiliko dira, bai eta kostu finkoak ordaintzeko dauden zor horiek 2020ko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean sortu badira.

Kudeaketarako 43 teknikari kontratatzea

Laguntza horiek kudeatzeko behar diren giza baliabideak emateko, Gobernu Kontseiluak, halaber, lan-poltsen bidez hautatutako profil teknikoko 43 bitarteko funtzionario kontratatzea onartu du. Kontuan izan behar da 2021eko abendurako laguntza horiek ebatzita egon behar dutela, eta erkidegoetako gobernuei ezarri zaien administrazio-karga oso handia dela, eta kontratazio horren kostuak Eusko Jaurlaritzak ere bere gain hartuko dituela.

Lantalde hori, hasiera batean, urtebetez egongo da aktibo, eta gehienez ere beste urtebetez luzatu ahal izango da, harik eta ordainketa, justifikazioa eta laguntzen xedea eta onuradunek bete beharreko baldintzak betetzen direla egiaztatzen den arte. Diru-laguntzak abenduaren 31 baino lehen emango dira.

Ekonomia eta Ogasun Saila arduratuko da eskabideak izapidetzeaz, kudeatzeaz eta ebazteaz, laguntzak ordaintzeaz, ordainketa egin aurreko kontrolez eta azken hartzaileek zuzeneko laguntzak behar bezala erabiltzen dituztela kontrolatzeaz.