Gobernu Kontseiluak errefortzu-programa bat onetsi du Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzarako; beste 48 postu sartuko dira, eta 2,5 milioi euro baino gehiagoko balioa du (Gobernu Bilera 2021-4-27)

fotoconsejo.jpg

2021-04-27

Gobernu Kontseiluak, gaur, Osasuneko sailburuak eskatuta, aldi baterako programa sortzea onetsi du, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan giza baliabideak sendotzeko eta, hala, Covid-19aren pandemiaren kudeaketarekin zerikusia duten eginkizun eta betebeharrei erantzuteko. Besteak beste eremu epidemiologikoaren, estatistikoaren eta juridikoaren 48 pertsona sartuko dira laster, Osasun Sailari laguntza eskaintzeko eta, hala, 2020an hasitako errefortzu-programarekin jarraitzeko.

 Koronabirusaren pandemiak eragin duen salbuespenezko egoera honek Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren lanaren ohiko dinamika areagotu du 2020 eta 2021 ekitaldietan, eta, hori dela eta, Osasun Sailak aldi baterako programa hori sortzeko eskatu du. Programan beste 48 postu sartuko dira, Osasun Publikoaren eta Adikzioen eremuan hiru lurralde historikoetan garatu beharreko lanei erantzuteko eman beharreko babesa emateko.

 Guztira, 14 postu Araban, 13 Gipuzkoan eta 21 Bizkaian, honako arlo hauetako pertsonal teknikoarekin: epidemiologia eta osasun publikoa, estatistika, aholkularitza juridikoa eta laguntzaile orokorrak. Pertsona horiek Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari laguntza emateko lanez arduratu beharko lirateke, besteak beste honako hauez: protokoloak egitea, datu-baseak mantentzeko-lana ikuskatzea eta kontrolatzea, Covid 19aren txertaketa-plana garatzea eta haren segimendua egitea, etab.

 Programaren kostua, guztira, 2.751.190,23 eurokoa da urtean, baina 2021eko maiatzean abian jartzea aurreikusten denez, ekitaldi honetarako kostua 1.878.200 eurokoa izango da.

 Programak 12 hil iraungo du, eta gehienez 24 hiletara luzatzeko aukera egongo da, pandemiaren eta Osasun Sailak dituen beharren bilakaeraren arabera.