Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategikoari -PETIC- (Gobernu Bilera 2021-09-28)

logoconsejo.jpg

2021-09-28

2021-2024 urteetarako planak teknologia berriak kudeatzeko eredu berri bat ezartzen du, eraginkorragoa, koordinatuagoa, arinagoa eta hurbilagoa herritarrei ematen zaien zerbitzu publikoan 

Gobernu Kontseiluak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Plan Estrategikoa (PETIC) onartu du gaur 2021-2024 urteetarako. Plan horrek Euskal Sektore Publikoko azpiegituren eta komunikazioen proiektuak kudeatzeko eta garatzeko zerbitzuak, prozesuak eta metodologiak antolatu eta egituratzen ditu. Asmo handiko ekimena da, euskal sektore publiko osoaren kudeaketa-eredu komun eta konbergentea arautzen duena, eta, besteak beste, sailei, erakunde autonomoei, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei, sozietate publikoei, fundazioei, partzuergoei eta abarri eragiten diena. 

Planak Eusko Jaurlaritzak diseinatutako eta martxoaren 10eko 36/2020 Dekretuak araututako Euskal Sektore Publikoko azpiegituren eta komunikazioen gobernantza ereduari erantzuten dio. Dekretu horrek Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) arloan egitura organiko eta funtzional berria ezartzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrekiko, eragile pribatuekiko eta administrazio publikoekiko harremanetan kudeaketa eraginkorragoa, koordinatuagoa, modernoagoa, hurbilagoa eta arinagoa izan nahi du arlo horretan. 

PETICa Euskal Sektore Publikoaren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak kudeatzeko eredu berri bat lortzeko proiektuen garapenean gauzatzen da. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren Cloud estrategia bultzatzea, komunikazioetan segurtasuna indartzea, datuaren estrategia bultzatzea, zibersegurtasuna indartzea, Gauzen Interneten estrategia bultzatzea edo teknologia eta zerbitzu berriak sartzeko behatoki bat sortzea. 

Plan horrek IKTen arloko epe ertain eta luzerako oinarrizko helburu nagusiak zehaztuko ditu, euskal sektore publikoko premiak lehenetsi eta IKT zerbitzuak ahalbidetzeko estrategia finkatuko ditu. Halaber, lehentasunezko intereseko proiektuak identifikatuko ditu, eta  helburu hauek lortzeko Eusko Jaurlaritzak informazio sistemen, sare azpiegituren eta zerbitzuen edo komunikazioen arloan gauzatuko dituen ekintzak edo proiektuak zehaztuko ditu. 

PETICa egitea prozesu parte-hartzaile baten emaitza izan da, eta euskal sektore publikoko IKTen arloko arduradun edo lotura duten pertsona guztiak inplikatu ditu. Horrela, plana egiteko proiektuan euskal sektore publikoko 50 agente baino gehiago sartu dira parte hartzeko 100 dinamika baino gehiagoren bidez (galdetegiak, aurrez aurreko bilerak eta bideokonferentzia bidezkoak, hausnarketa-tailerrak). 

Planak ez du aurrekontu zehatzik, gauzatu beharreko ekintzak aurrekontu arruntaren bidez ordainduko baitira. Aurreikusitako proiektu bakoitza aurrekontu maila baten barruan definituta dago, behar diren baliabide ekonomikoen arabera.