Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak teknologian, digitalizazioan eta jasangarritasun energetikoan inbertitzera bideratuko du aurrekontuaren erdia

2021-11-04

  • Olatz Garamendik zuzentzen duen Sailaren aurrekontua 139,2 milioi eurokoa da 2022an, aurtengoa baino % 7,5 gehiago
  • Administrazioa modernizatzea du helburu, irekiagoa, arinagoa eta eraginkorragoa izan dadin

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren 2022rako kontuek administrazio publikoko teknologiarekin, komunikazioarekin eta digitalizazioarekin lotutako partiden aldeko apustu irmoa aurreikusten dute. Olatz Garamendi sailburuak gaur aurkeztu duen aurrekontuan, aurreko ekitaldian baino ia sei milioi gehiago gastatu da arlo horretan. Gainera, Sailak lehentasuna emango die eraginkortasun energetikoari eta jasangarritasunari Eusko Jaurlaritzaren eraikinen kudeaketan.

Sailak 139,2 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urterako, aurten baino ia hamar milioi gehiago, hau da, % 7,5 gehiago. Legebiltzarreko taldeen ordezkarien aurrean egindako hitzaldian, Garamendik adierazi duenez, “kontu horiei esker herritarrei zerbitzu publiko gehiago eta hobeak eskaini ahal izango dizkiegula eta inbertsio handiagoak egin ahal izango ditugu”.

Sailburuak Eusko Legebiltzarrean hitz egin du gaur, Eusko Jaurlaritzako sailburuek datorren urteko aurrekontua aurkezteko egin duten agerraldi errondaren barruan. Honen harira, Jaurlaritzaren informatika sarea ustiatzeko zerbitzuetan, aplikazio informatikoen mantentze lanetan, segurtasun informatikoan eta proiektu teknologikoetan egindako gastua nabarmendu du.

Ildo horretan, administrazioari aplikatutako adimen artifizialari buruzko partiden hazkunde garrantzitsua azpimarratu du, testuak transkribatzeko, ahotsak sintetizatzeko edo identifikazio biometrikoa egiteko proiektuetarako; zibersegurtasun proiektuaren jarraipena; edo plataforma informatikoen zerbitzua; edo Zientzia eta Teknologia Planari lotutako ekimenak.

Aurrekontuan sartzen dira zerbitzu horietarako diru-partidak, baina baita gobernuaren ardurapeko eraikin eta ekipamenduetako inbertsioak ere, betiere jasangarritasun energetikoaren bila, energia kontsumoak ingurumenean duen eragina murriztuz. Horrela, fatxadak eraberrituko dira, klimatizazio edo argiztapen jarduketak egingo dira, besteak beste.

Sailaren gastu globalaren ia erdia, %49,8, administrazio elektronikoaren modernizazioa, berrikuntza eta inplementazioa finantzatzera bideratuko da. Helburu horretara bideratutako partidak Eusko Jaurlaritzak administrazio arin, hurbil, kalitatezko eta eraginkor baten alde egindako apustuaren adierazle dira, berdintasunaren eta ekitatearen balioetatik eraikita:

  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, Administrazioaren
    Berdintasun Plana abian jarrita.
  • Berdintasun kanal anitzeko arretan, arreta presentzialean ahaleginak eginez eta arrakala digitala murrizten lagunduz.
  • Berdintasuna informaziorako sarbidean, aplikazioetan eta konponbideetan inbertituz, edukiek desgaitasuna duten pertsonek aurki dezaketen edozein oztopo gaindi dezaten.

Aurrekontuaren ia laurdena (%24) euskal administrazioaren azpiegiturak mantentzeko eta modernizatzeko erabiliko da, bai eraikin publikoetan, bai azpiegituretan, iraunkortasunaren aldeko apustua eginez. Kontuen %19 administrazioko langileen hautaketa, prestakuntza eta estaldura finantzatzeko erabiliko da. Gainerakoa Euskadiko autogobernuaren defentsa eta garapenarekin, laguntza juridikoarekin, datuen babesarekin eta erakundeen arteko harremanen arloarekin lotutako gaietara bideratuko da.

Saileko plantilla osatzen duten 532 pertsonen ordainsarirako 33,2 milioi euro bideratuko dira (guztizkoaren %23,8). Kapitulu honek gehien eragiten dion sailburuordetza Erakunde Harremanena da, eta, beste zerbitzu eta jarduera batzuen artean, ‘Zuzenean’ Herritarrei Arreta Emateko Zerbitzua kudeatzeaz arduratzen da, langile kopuru handia duen zerbitzua alegia.

Jaurlaritzako webguneen irisgarritasunaren arloan egiten ditugun jarduera batzuk aurrekontuan sartu nahi izan ditu Sailak. Eremu horretan, Jaurlaritzako sail guztien eskura jarriko ditugu honako zerbitzu hauek web-irisgarritasunaren arloan: zeinu hizkuntzen interpretatzailea; video azpitituluak; testu irakurgailua (Read Speaker); edo erabilerraztasun multifuntzionala webean (pertsona bakoitzak bere beharretara eta lehentasunetara egokituta nabigatu ahal izateko laguntza teknikoa eskainiz (testuaren tamaina, kolorea, teklatua).

IVAP eta EJIE eta Itelazpi sozietate publikoak

Sailaren kontuetan Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari (IVAP) egindako ekarpena ere sartzen da. Erakunde autonomo horrek 21 milioi euroko aurrekontu orokorra izango du, eta Terminologia Zerbitzua abian jarri da, herri administrazioetan terminologia arloan erreferentzia izango diren euskarazko arau eta prozedura orokorrak ezartzeko.

Ekarpen horretatik ia hamaika milioi Hizkuntza normalizazioaren arloko jardueretara bideratuko dira, bi hizkuntza ofizialetan eskubideak eta herritartasuna errespetatzen dituen eta kalitatezko zerbitzua eskaintzen duen Administrazio bat bermatzeko, eta, aldi berean, euskara ere lan hizkuntza izateko bidea erraztu nahi du.

EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Sozietate Publikoak, berriz, 194,3 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, eta Sailak 60 milioi jarriko ditu. Itelazpi S.A. sozietateak 13,4 milioi euroko gastu aurrekontua izango du, eta horietatik milioi bat Sailak jarriko ditu.