Gizon bat hil da itota Bilboko ibaiadarrean

20_0264.jpeg

2021-04-08

Biktimak uretara jauzi egin du auto bat behartzen ari zela patruila batek harrapatu duenean

Gaur goizean gizon bat hil da San Ignazio auzoan, Bilboko ibaiadarrera jauzi egin ondoren. Ertzaintzaren patruila batek aparkatuta zegoen auto bat behartu nahian harrapatu duenean jazo da zoritxarreko gertakaria. Berehala mobilizatu dituzte Euskadiko Larrialdietako Zerbitzuetako hainbat baliabide biktima erreskatatzeko, baina, zoritxarrez, hilda aurkitu dute.

Gaur, osteguna, goizaldeko lauak laurden gutxiak aldera gertatu da Bilboko San Ignazio auzoan. Prebentzio-lanetan ari zen Ertzaintzaren patruila batek gizon bat ikusi du Zarandoa etorbidean aparkatuta zegoen auto bat behartzen.

Polizia ikusi duenean, susmagarriak ihes egin du eta ibaiadarrera jauzi egin du Zorrotzaurreko Erriberan, eta urak eraman du. Ertzainek berehala deitu dute larrialdietako zerbitzura, eta bertatik hainbat baliabide mobilizatu dituzte biktima erreskatatzeko. Bilboko Suhiltzaileen eta Gurutze Gorriaren ontziekin miatu dute ibaiadarra San Ignazio eta Elorrieta auzoen artean, eta goizeko seiak aldera aurkitu dute gizonaren gorpua.

Lehenengo ikerketen arabera, gertaeraren lekuan aparkatuta zeuden zortzi auto zeuden behartuta, leihoak hautsita eta barrua nahastuta. Era berean, biktimarena izan daitekeen motxila bat ere aurkitu dute, eta barruan lapurretetako hainbat objektu daude.

Biktima 22 urteko gaztea da, eta gorpua Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman dute. Ertzaintzak ikerketa jarri du abian zoritxarreko gertaeraren inguruabarrak argitzeko.