Gizarte-eragileen prestakuntza-planetarako diru-laguntzak arautzen dituen dekretu berria onartu da (Gobernu Bilera 2021-11-9)

fotoconsejo.jpg

2021-11-09

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaurko bileran, sindikatu- eta enpresa-erakundeei diru-laguntzak ematea arautzen duen dekretu berria onartu du, erakunde horiei lotutako pertsonen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak gara ditzaten beren jarduera-eremuetako gaietan. 

Araudi berri horrek ordeztu egiten du duela 18 urtetik indarrean dagoena, enpresaburuen elkarteei eta erakunde sindikalei beren jarduera-eremuetako berezko gaiei dagokienez giza baliabideen kualifikazioa hobetzeko prestakuntza-planak egiteko laguntzak ematea arautzen duena.  

Araudi hori eguneratzeko eta diru-laguntzen arloko Estatuko oinarrizko legeriara egokitzeko, Idoia Mendia Lan eta Enpleguko sailburuak eta lehendakariordeak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak dekretu hau onartu du, gizarte-eragileak sendotzeko negoziazio kolektiboari eta elkarrizketa sozialari dagozkien gaietan egiten dituzten prestakuntza-jardueretan. 

Horrela, eta langileek enpresan parte hartzearen arloko prestakuntzari laguntzeko Legebiltzarraren agindua betez, aurrera egiten da Soldata Baliorako Plan Operatiboan ere, gizarte-eragileek berdintasunaren arloan duten prestakuntza lehenesten baita. Horrekin batera, diru-laguntzen araudia eguneratzen da, eta izapideak eta planen balorazioa sinplifikatzen da. 

Dekretuan honako hauek arautzen dira: diruz lagun daitezkeen jarduerak, deialdiaren prozedura (urtekoa izango da) eta laguntzak ematekoa, eta prestakuntza-planak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko irizpideak.